<<Roots Parkea reggae jaialdiaren zortzigarren edizioa Basozelai Gizarte Etxean, Rebel Lion eta Chanter (EB) taldeen kontzertuarekin>>
Beste urte batez, Roots Parkea reggae jaialdia hartuko du Basozelai Gizarte Etxeak. Basauriko Udalaren Gazteria Zerbitzuak, ZirtZartek, eta Arrazakeriaren Kontrako Musika kultura-elkarteak antolatu dute ekimena, Kultur Basauriren laguntzarekin. Emanaldia 20:00etan hasiko da (7 € sarrera, edaria barne), eta honako talde hauek joko dute: Rebel Lion, Chanter, Thunder Clap Sound System eta Euskal Dub Etxea. Sarrera jaialdiaren egunean bertan erosi ahalko da, Gizarte Etxean bertan.
Parte hartuko duten artisten biografia, labur-labur:
REBEL LION
Norwicheko (EB) roots reggae gordinenaren beteranoak dira Rebel Lion Sound Systemekoak: hiriko roots reggae-ren zutabe izan dira. Azken bi hamarkadotan gogotik egin dute lan. Besteak beste, Black History Month ekimenean egon ziren, eta, aldizka, irratsaioetan, jaialdietan eta sound system saioetan hartzen dute parte —reggae musikaren kultura eta baloreak gogoan, une oro—. Oso serio hartzen dute sound zeregina, eta, hartara, beren musika-ezagueren zabalkundea egiten dute. Ezin aipatu gabe utzi Simon Reality: kolektiboaren funtsezko kidea da, eta Londresko reggae musika-denda espezializatuenetako baten zuzendaria ere izan zen. Bizirik dauden reggae musikari garrantzitsuenetako batzuekin aritu da taldea: Horace Andy, Lee Perry, Macka B, Tenna Stellin, Kenny Knotts, Cornell Campbell, Ranking Joe, Stone Love, Frontline Caveman, eta abar. Horrez gain, nola ez, Erresuma Batuko gazte hasiberriei lagundu diete. Oraingo honetan, Chanter zeremonia-maisu britaniarrarekin etorriko dira Basaurira.
CHANTER
Byron Anderson Chanter, Chanter the Lyrical Warrior izenez ezagun dena, 70eko hamarkadan hasi zen kantuan, Chanter Sound System izenkidearekin (harengandik hartu zuen jatorrizko izendapena). Ordutik dabil deejay estiloa jorratzen (kontzientzia eta espiritualtasun hutsa). Zientoka saio egin ditu, agertokia Jah Youthekin, King Originalekin, Tuff Linkekin eta Rebel Lionekin berarekin partekatuta, besteak beste. Azken urteotan musika berria argitaratu du: Terror Terror (Irie hifi), Warrior (True Sounds), Black History (Studio 55), Moving Out (King Shiloh), Music is a Weapon (King Shiloh), eta abar.
THUNDER CLAP SOUND SYSTEM
Euskal Herriko eta Londresko jatorria du taldeak. Gaur egun, roots reggae sound system garrantzitsuenetako bat dira Espainian, eta, neurri handi batean, soinu-sistema tradizionalaren bilakaeran eta hura ezagutarazten lagundu dute. Tarteka, Euskal Herrira etortzen dira. Horrez gain, Madrilgo, Bartzelonako, Santanderreko, Benicassimeko, Granadako... aretorik onenetan jo dute, bai eta Erresuma Batuko zenbait tokitan ere.
EUSKAL DUB ETXEA
Nahiz eta proiektu musikal berritzat jo, arloan jantzia den profesional taldea dugu honakoa, Euskal Herriko bazter guztiak reggae soinuez busti nahiarekin.