MTE 20222023 ENTZUNALDIA konp«Musika taldeak eratzea» programaren 2022/23 ikasturteari apirilaren 28ko entzunaldiak bukaera borobila emango dio

- Basauriko Ibaigane Kultur Etxean egingo da.
- 19:30etik aurrera. Doako sarrera edukiera bete arte.

Azaroaren 3an jarri ziren abian Basauriko Udalak, ZirtZart Gazte Zerbitzuaren bitartez, urtero eskaintzen dituen musika-tresnen formakuntza ikastaroak. Bertan, bost modalitate bereizi dira: kantua, gitarra, baxua, bateria eta haize taldea. Dinamikari dagokionez, ikasleek jaso dituzten praktikak ez dira aukeratutako instrumentura mugatu, hau da, beste taldeetako parte-hartzaileekin ere jardunean aritu dira, musika taldeak sortzea sustatuz.

Sei hilabete baino gehiagoko formakuntzaren ostean, ikasturte-amaierako entzunaldia Basauriko Ibaigane Kultur Zentroan egingo da, apirilaren 28an (ostirala). Bertan, ikastaroan parte hartu izan dutenen zuzeneko emanaldiak entzun eta ikusi ahal izango dituzte ikusleek.

Emanaldia 19:30ean hasiko da, eta lantaldea osatzen duten ikasleek zuzenean joko dute. Sarrera doakoa izango da. Plaza kopurua mugatua da.

2022/2023ko ikasturtean 41 inskripzio jaso ditu erakundeak.

<<Hitz-Erdiko Kontaketak, euskarazko ipuin laburren lehiaketak, 149 proposamen jaso ditu aurtengo 6.edizioan>>

- Seigarren edizio honetan Bergarako Aroa Elortza Payros, Ordiziako Ainhoa Beldarrain Iraola eta Oñatiko Sara Mantxola Akizu izan dira, hurrenez hurren, lehen, bigarren eta hirugarren sarien irabazleak. Zeberioko Aran Goti Sanchez gazteak jaso du Elkar Saria eta Olatz Flores Corralek Basauri Saria.

«Eskua luzatu nahi nizun…». Lehiaketako antolatzaileek aurreko esaldi hasiera proposatu zuten parte hartzaileek jarraipena emateko, eta gehienez ehun hitzeko kontaketa bat idazteko euskaraz. Seigarren edizio hau 2023ko urtarriletik martxora egin da eta 149 proposamen jaso dira.

Lehiaketa Basauriko Udalaren ZirtZart Gazte Zerbitzuak antolatzen du, Geuria Hego Uribeko herri komunikabidearen eta Elkar Euskal Kulturgintzaren laguntzarekin.
Bost kontakizun izan dira sarituak: «1. sailkatua», 200 euroko saria; «2. sailkatua», 125 eurokoa ; «3. sailkatua», 75 eurokoa ; «Elkar saria» —adingabeei zuzendua—, 150 euroko saria; eta «Basauri saria» —herrian erroldatutakoei zuzendua—, 150 euroko saria. Horrez gain, lehen bi sailkatuen ipuinak eta, Elkar eta Basauri sarituen ipuinak Hego Uribe eskualdeko Geuria aldizkarian argitaratuko dira.

Azkenik, liburuxka berezia sortu da jasotako kontaketa batzuekin; bertan bost irabazleak daude, besteak beste. Ale kopuru mugatua dago eskuragarri Basauriko Gazte Informazio Bulegoan, eta baita Elkar dendan ere. Doan.

Hona hemen proposamen irabazleak:

1. Saria · Aroa Erotza Payros (Bergara)
Eskua luzatu nahi nizun arren, beste aldera begiratu zenuen. Ezer gertatu ez balitz bezala. Ezezagunak izango baikinan.

Baina ongi dakigu, bai zuk, baita nik ere, ez ginela. Ez ginela ezezagunak; eta gainera, ezagunak baino gehiago ere baginela. Maitaleak esatera ere ausartuko nintzateke. Baina ez ohaideak. Maitatzaileak baizik.

Baina ongi dakigu biok bizitzen uneren batean maitale izatetik ezezagun izatera igaro ginela, nik oraindik horretarako arrazoiak ulertu ez baditut ere. Eta horrekin batera iritsi zirela isilaldiak, bakardadea.

Eskua luzatu nahi nizun laguntzat zintudalako. Eta norbaiten laguntasuna behar zenuela nabaritzen nuelako.

Orain, ordea, beranduegi da onartzeko, jada ez baitut eskurik zuretzat, isiltasuna baizik.

2. Saria · Ainhoa Beldarrain Iraola (Ordizia)
Eskua luzatu nahi nizun; zurekin egon, besterik ez nuen nahi. Gure etxea zenaren hondarrak nituen begi aurrean. Zirrikitutik bion eskuak elkartu zirenean konformista bihurtu nintzen, oraindik hor jarraitzen zenuelako. Hondamendi hori gutxi balitz eguraldia ere tristetzen hasia zen eta egunen joan etorrian egoerak berdin jarraitzen zuen.. Lurrikarak, hitzak dioen bezala, ikara sortu zidan. Asteak joan ahala, jendea lurrazpian, ilunpetan, hotzez eta beldurrez, terrorearen sentimenduaz oihuak, marruak eta malkoak soinu-banda genituelarik. Pixkanaka denon indarrak ahulduz doaz, zureak batez ere, etsipena duzu ahotsean. Gaua iristear dago eta begiak pertsiana gisa itxi zaizkit. Maitea, azkenekoz bada ere emaidazu eskua, mesedez.

3. Saria · Sara Mantxola Akizu (Oñati)
Eskua luzatu nahi nizun, baina eskuen artetik ihes egin zenidan, hostoek zuhaitzetatik egin ohi duten gisara. Egunero igarotzen naiz ogi txigortu usaina duen okindegiaren ondotik, asteazkenero gosaltzen genuen mahaia ikusten dut erakusleihotik. Igandero irakurtzen dut “Musika airean”, nire ondoan ez zauden arren, tradizioak tradizio direlako. Eta nola ez, oheratu baino lehen hainbeste maita genuen “Izarren hautsa” entzuten dut. Musika airean moduan zu zeu ere joan egin zara. Eta kantak dioen gisara zu zeu izarren hauts bilakatu zara. Pandemia madarikatuak neure albotik urrundu zintuen, baina nik beti sentitzen zaitut gertu. Gauero zeruan dir-dir egiten duen izar itzalezina izango zara niretzat. Beti.»

ELKAR Saria · Aran Goti Sanchez (Zeberio)
Eskua luzatu nahi nizun olatua zetorrela ikusi nuenean. Baina ezinezkoa izan zen. Beldur nintzen, itsasoa haserre zegoen. Egun guztietan zurekin egiten dut amets, arreba maitea. Bizirik al zaude? Itsasontziren batek salbatu al zintuen? Kongo atzean utzi izan behar genuen, gurasoak, amama… Euskal Herrira abiatu ginen gerratik ihesi. Baina pateran gentozela tenporalak harrapatu gintuen eta uretara erori zinen. Gaua sartu arte ibili ginen zure bila baina ez zinen inondik agertzen. Ur handiak utzi eta kostalderako bideari ekin genion. Orain Getarian bizi naiz eta zure zain nago. Gau guztietan itsasorantz begiratzen dut ea leku batetik edo bestetik agertzen zaren. Agertu zaitez arren.

BASAURI Saria · Olatz Flores Corral (Basauri)
Eskua luzatu nahi nizun, baina zurea luzatuko ez zenidan beldurrak mugiezin utzi ninduen zure etxeko portaleko atean mamu bat ikusi banu bezala. Betirako galdu zaitudala sentitzen dut nonbait eta sentsazio atzerritar horrek sekulako korapiloa egin dit eztarrian. Galdu zaitudala bakarrik esan nahi du ezin izango ditudala zure beldurrak berriro besarkatu, ez eta zure irriak berriro dastatu ere. Agurrak beti izaten dira garratz xamarrak. Beharrezkoak baita ere. Beharrak behar, konturatu naiz behar izan zaitudanean ez zarela egon eta orain, azken agurra heldu dela, badakit mina sentitu behar dudala zure hurbiltasunaren premia berriro izan ez dezadan.

Zazpigarren edizioa 2024an abian jartzea dute helburu antolatzaileek, proiektuari segida emanez, eta idazmenean interesa dutenen talentua aurkitu eta sustatzeko asmoz.

Post Sareak 2024 Parte Hartzea<<Hitz-Erdiko Kontaketak, euskarazko ipuin laburren lehiaketak, 155 proposamen jaso ditu aurtengo 7.edizioan>>

- Horietatik, 89 adingabeek idatzitakoak.
- Basauriko 18 gaztek hartu dute parte ekimenean.


Martxoaren 22an itxi zen lehiaketan izena emateko epea, eta antolakuntzak emandako hasierako esaldiari, hots «Haur bat bezala…», jarraipena eman dioten 155 kontaketa jaso dira. Ekimena ZirtZart Basaurik —Basauriko Udalaren Gazteria Atalaren zerbitzuak— antolatzen du, Geuria Hego Uribeko herri komunikabidearen eta Elkar Euskal Kulturgintzaren laguntzarekin. Lehiaketa 12-35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, helburua idazmenean interesa duten gazteen talentua sustatzea da.

Parte-hartzaileen dagokionez esango dugu 107 bizkaitarrak direla, horietatik 18 basauriarrak; 34 gipuzkoarrak; 13 arabarrak; 1 nafarra. Denera, 89 adingabekoren kontaketak jaso dira.

Antolakuntzak jaso dituen 155 kontaketak epai-mahaiaren esku daude dagoeneko, 2024ko 7. edizio honetako irabazleak apirilaren amaieran jakineraziko dira.

Honako hauek dira banatuko diren bost sariak:

  • Lehen sailkatua: 200,00 €-ko bonua
  • Bigarren sailkatua: 150,00 €-ko bonua
  • Hirugarren sailkatua: 100,00 €-ko banua
  • Elkar saria: 150,00 €-ko bonua
  • Basauri saria: 150,00 €-ko bonua

Sari horiekin batera, gainera, Lehen sailkatuaren eta Elkar sariaren kontakizunak Geuria aldizkarian argitaratuko dira.

Aurrekoetan moduan edizio honetan ere antolakuntzak liburuxka berezia argitaratuko du edizio honetan aukeratutako kontaketekin. Ale kopurura mugatua da eta doanik banatuko da; interesdunek Basauriko Gazte-informazio bulegoan eta Basauriko Elkar dendan eskuratu ahal izango dute haien liburuxka.

<<Hitz-Erdiko Kontaketak, euskarazko ipuin laburren lehiaketak, 149 proposamen jaso ditu aurtengo 6.edizioan>>

- Horietatik, 88 adingabeek idatzitakoak.
- Basauriko 15 gaztek hartu dute parte ekimenean.


Martxoaren 9an itxi zen lehiaketan izena emateko epea, eta antolakuntzak emandako hasierako esaldiari, hots «Eskua luzatu nahi nizun…», jarraipena eman dioten 149 kontaketa jaso dira. Ekimena ZirtZart Basaurik —Basauriko Udalaren Gazteria Ataleko programak— antolatzen du, Geuria Hego Uribeko herri komunikabidearen eta Elkar Euskal Kulturgintzaren laguntzarekin. Helburua 12-35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, idazmenean interesa dutenen talentua sustatzeko.

Parte-hartzaileen jatorriari dagokionez, 113 bizkaitarrak dira eta horietatik 15 basauriarrak hain zuzen; 20 gipuzkoarrak; 14 arabarrak; 1 nafarra; 1 Euskal Herritik kanpokoa, Cádizekoa. Denera, 88 adingabekoren kontaketak jaso dira.

Antolakuntzak jasotako 149 kontaketak epai-mahaiaren esku daude dagoeneko, eta apirilaren erdialdean jakinaraziko dira 2023ko 6. edizio honetako irabazleen izenak.

Honako hauek dira banatuko diren bost sariak:

  • Lehen sailkatua: 200,00 €-ko bonua
  • Bigarren sailkatua: 125,00 €-ko bonua
  • Hirugarren sailkatua: 75,00 €-ko banua
  • Elkar saria: 150,00 €-ko bonua
  • Basauri saria: 150,00 €-ko bonua

Horrekin batera, Lehen sailkatuaren eta Elkar sariaren kontakizunak Geuria aldizkarian argitaratuko dira.

Aurtengoan ere, liburuxka berezia argitaratuko du antolakuntzak 2023ko 6. edizio honetako kontaketak jasotzeko. Ale-kopuru mugatua izango da eta doakoa. Eskuragarri egongo dira Basauriko Gazte Informazio Bulegoan eta baita Basauriko Elkar dendan ere.

«Festibas» musika banden bederatzigarren edizioa maiatzaren 13an (larunbata) izango da

«Festibas» banden jaialdia antolatu du ZirtZart Basaurik, Basauriko Udalaren gazteria-programa integralak. Jaialdi honek ditu helburu Basauriko musika taldeak eta Basozelai Gizarte Etxeko entsegu-geletako banda erabiltzaileak.

Maiatzaren 13an (larunbata) izango da hitzordua Basaurin, Bentako jaien ospakizunekin bat eginik. «Festibas»en xedea da zuzenean jotzeko aukera ematea herriko musika taldeei, eta ikusleen aurrean bultzatzea proiektu bakoitza, jai-giroan.

Jaialdian parte hartu nahi duten taldeek otsailaren 21etik martxoaren 31ra bitartera eman beharko dute izena. Horretarako, antolatzaileek eskatutako agiriak aurkeztu, eta finkatutako gutxieneko baldintzak bete beharko dituzte, besteak beste: taldeko kide bat, gutxienez, Basaurin bizitzea, edota azken hiru ikasturteotan (2020-2022) Basozelai Gizarte Etxeko entsegu-lokaletan aritu izana; eta taldeko kide guztiak 16 urtetik gorakoak izatea.

OINARRIAK · INSKRIPZIO ORRIA

Non Gaude

GIB, Entsegu Gelak eta Basozelaiko Gaztegunea
 Basozelai Kalea 11 zk. 48970 Basauri Bizkaia
Telefonoa: (+ 94 466 64 00)
WhatsApp: (+ 634 984 615)
 zirtzart@basauri.eus
San Migeleko Gaztegunea
 Gernika 60 zk. 48970 Basauri Bizkaia
Telefonoa: (+ 94 466 64 71)
 zirtzart@basauri.eus

 Basauriko Udala TTII | Pribatutasun politika

Bilatu