III KAHOOTtxapelketa minimi <<Kahoot! 3.Edizioa. Gaia: Euskal Herria>>

Maiatzaren 17an hasiera emango diogu gure Kahoot! Lehiaketa-ren 3.edizioari. Aste osoan zehar, 12-30 urte bitarteko Basauriko gazteek aukera izango dute parte hartzeko eta Sari Bonu bat lortzeko.Aste horretako larunbatean, maiatzak 22, lehiaketaren irabazlea jakinaraziko dugu arratsaldeko 19:00etan Solobarriako karpan, Euskal tailerrak egin ostean. Irabazleak 50€-ko bonua lortuko du! Irabazleak bertan egon beharko da BONO SARIA lortzeko, bestela listako hurrengo partehartzaileari pasatuko da, irabazlea egon arte.


Kahoot lehiaketa #EuskalGazte #Udaberribasauri programaren barnean dago. Parte hartzeko kodea: 04265016
Nola parte hartu:


1- Ordenagailuan: Kahoot webean bilatu eta kodea sartu edo link honetan sartu:https://kahoot.it/challenge/04265016?challenge-id=c4552e6a-41b7-48ea-a102-20b426077635_1621267620753

2- Mugikorrean: kahoot App deskargatu (Dohako) eta kodea sartu: 04265016


Parte hartzeko tartea maiatzaren 17tik maiatzaren 22a arte izango da eta galdera gehien asmatzen dituenak Bono Sari bat irabaziko du!

185361230 10162274580853647 4588149526773816863 n<<Udaberri Basauri programaren barruan ospatuko da aurten «Festibas»en zazpigarren edizioa, formatu akustikoan, ekainaren 5ean Solobarriako karpan>>

The Cheaters, Sinmas eta Ero taldeak arituko dira zuzenean aurtengo “Festibas” jaialdi berrituan. COVID-19aren eraginez 2020ko edizioa bertan behera geratu ostean, antolatzaileek (ZirtZart Basauriko Udalaren gazteria zerbitzua) aldaketak ezarri dituzte eskaintzan, eta Udaberri Basauri kultur eta kirol jardueren programa barruan txertatuko dute jaialdia. Hala, osasun-neurri guztiak betetzen direla bermatuta geratuko da.

Ekainaren 5ean, larunbata, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, The Cheaters taldeak emango dio hasiera zikloari. 2017an sorturiko country taldea dugu hau, eszena alternatiboan errotua. Euskadi eta Danimarkako musikariz osatua dago, eta musika akustikoan, country eta folk amerikarrean da berezitua.

Arratsaldeko zazpietatik aurrera, Sinmas taldeak emango dio jarraipena eskaintzari. Hitzordu berezia izango da hau, kontuan izanik taldearen ohiko trash soinuak formatu akustikora egokitu dituztela.

Bukatzeko, 20:00etatik aurrera, Ero boskoteak emango dio amaiera zikloari, eta Solobarria karpako oholtzara igoko diren azkenak izango dira. Bertaratutakoek aukera izango dute euskaraz abesturiko rock-a, formatu akustikoan, ikusi eta entzuteko.

Karpara zuzenekoa hasi baino ordu erdi lehenago sartu ahal izango da, eta sarrera doakoa izango da edukiera bete arte.

Informazio gehiago:
Basauriko Udala – ZirtZart Basauri
• Tel: 944 666 430 – 634 984 615
• Emaila: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.
• Web orria: zirtzart.basauri.eus

 

 

“ZiberBasauri”Ziberbasauri

<<Maiatzaren 29an ZIBERBASAURI Solobarria Plazan>>

4  auto simulagailu

2 errealitate birtualeko betaurrekoak

1 PlayStation

6 joku-makina

Maiatzaren 29an, hurbildu zaitez Solobarria plazara larunbat arratsaldea gurekin igarotzera.

Basauriko Udaleko Gazteria Atalaren eta Diverparkeren eskutik, ZiberBasauri antolatuko dugu. Gure herrian lehen aldiz egingo den herri-ekimen teknologiko eta birtualeko ekitaldia izango da.. Maiatzaren 29an, 12-30 urte bitarteko gazteak Solobarria plazara gerturatu daitezke, gune berri hau ezagutzera, 17:00etatik 20:00etara. Bi txandetan:

  • 1. Txanda: 17:00 - 18:30
  • 2. Txanda:  18:45 - 20:00

Bertan gazteek eskura izango dituzte hainbat joku-makina, auto simulagailu, errealitate birtualeko betaurreko, PlayStation…

Parte hartzeko izen-ematea maiatzaren 24a baino lehen egin beharko duzue ZirtZart bulegoan (Basozelai 11 kalea, Basozelai Gizarte Etxea), edo gure webgunean ZirtZart Basauri.

Gogoratu plaza mugatuak direla, eta inskripzio kopurua gaindituz gero, zozketa bidez banatuko ditugula. Bazkide Txartela dutenek lehentasuna izango dute.

Anima zaitezte!!!! Zuen zain izango gara!

Euskalgazte<< EUSKAL GAZTE >>

Urtero bezala, maiatzean, Euskal Gazte ospatuko dugu ZirtZarteko Solabarria plazan. Egoerak, aurten ere, berezia izaten jarraitzen duenez, disko-festa aparte utzita, lau tailer ikaragarri ekartzen dizkizuegu maiatzaren 22ko arratsaldea igarotzeko. Arratsalde osoan zehar (17:00-19:00) euskal musika izango dugu, giro atseginean. Horretaz gain, astean zehar, gure Kahoot txapelketa famatuaren 3. edizioa izango dugu. Aurtengo edizioan, Euskal Herriari buruzko galderak izango dituzue. Nor izango ote da gure herrialdeari buruz gehien dakiena? Animatu zaitez!

Maiatzaren 22ko arratsaldean honako tailer hauek egingo dira: 

  • Txalaparta tailerra: horren helburua da txalaparta gazteengana hurbiltzea, eta hobeto ezagutzea. Aldi berean erritmoa, motrizitatea eta koordinazioa landuko ditugu. Horretarako Urepel Txalaparta izango dugu gurekin.
  • Euskal Kandelak: buztin ontzietan aroma-terapiazko argizari kandelak egingo ditugu.
  • #HARRIAKzirtzart: Mugimendu honetara gehituko gara. Honetarako harriak margotuko ditugu (euskal asteko irudiak edo mezuak idatziz) eta eguna bukatzean gazteak harri horiek Basauritik utziko dituzte.
  • Yenga txapelketa: 4 talde izanda, talde bakoitzeko irabazle bat aterako da. Tailer guztiak amaitu ostean, guztion artean finala ospatuko dugu.

****Kahoot! 3.Edizioa. Gaia: Euskal Herria

Maiatzaren 17an hasiera emango diogu gure Kahoot! Lehiaketa-ren 3.edizioari. Aste osoan zehar, Basauriko gazteek aukera izango dute parte hartzeko eta Sari Bonu bat lortzeko.

Aste horretako larunbatean, maiatzak 22, lehiaketaren irabazlea jakinaraziko dugu arratsaldeko 19:00etan Solobarriako karpan, Euskal tailerrak egin ostean. Irabazleak 50€-ko bonua lortuko du!

Parte hartzeko izen-ematea maiatzaren 17a baino lehen egin beharko duzue ZirtZart bulegoan (Basozelai 11 kalea, Basozelai Gizarte Etxea), edo gure webgunean ZirtZart Basauri.

Gogoratu plaza mugatuak direla, eta inskripzio kopurua gaindituz gero, zozketa bidez banatuko ditugula. Bazkide Txartela dutenek lehentasuna izango dute.


webgune<<"Hitz-Erdiko Kontaketak", euskarazko ipuin laburren lehiaketak, parte-hartze errekorra izan du, 2021eko edizioan jasotako 203 proposamenekin>>

• Laugarren edizio honetan 203 proposamen jaso ditu antolakuntzak. Mungian bizi den Naroa Elortegi García, Bediako Karlos Aretxabaleta Ormaetxea eta Berrobiko Eneritz Alberdi Irastorza izan dira, hurrenez hurren, lehen, bigarren eta hirugarren sarien irabazleak. Malen Maruri San Juan bilbotar gazteak jaso du Elkar Saria.
“Zoragarria, besterik ez…”. Parte hartu nahi zutenek antolatzaileek proposatutako hasierako esaldiari jarraipena eman behar zioten, eta gehienez ehun hitzekin kontaketa bat idatzi behar zuten euskaraz. Laugarren edizio honetan, urtarrila eta martxoa bitartean garatua, 203 proposamenen errekorra izan du lehiaketak (Basauriko Udalaren ZirtZart Gazte Zerbitzuak antolatua, Geuria Hego Uribeko herri komunikabidearen eta Elkar Euskal Kulturgintzaren laguntzarekin).
Lau kontakizun izan dira sarituak: «1. sailkatua», 200 euroko balioa duen saria; «2. sailkatua», 125 euroko balioa duen saria; «3. sailkatua», 75 euroko balioa duen saria; eta «Elkar saria» —adingabeei zuzendua—, 150 euroko balioa duen saria. Horrez gain, ipuin irabazleak Geuria Hego Uribeko hedabidean argitaratuko dira.
Azkenik, iazko nobedadeari helduz eta jarraipena emanez, liburuxka berezia kaleratuko da jasotako kontaketa sortarekin. Ale kopuru mugatua egongo da eskuragarri Basauriko Gazte Informazio Bulegoan eta baita Elkar dendan ere.


Hona hemen proposamen irabazleak:


1. Saria -Naroa Elortegi García-


Zoragarria, besterik ez. Halakoa izango zen azken eguna. Inoiz iristen ez zen hura. Musukoak ahaztuko genituen eguna, lagunekin batuko ginen hura, familia osoa elkartuko zen eguna, mugak zabalduko ziren hura, besarkatuko ginen eguna, elkarri musu emango genion eguna, juergan aterako ginen hura… Dena bere horretara bueltatuko zen eguna. Horrela imajinatzen genuen egunero, orduero, ia minutuero amesten genuen eguna. Baina egunak joan egunak etorri bidean besarkatu gabe joan zitzaizkigun asko. Joan zitzaizkigun minutuak, orduak eta egunak, eta azken musurik gabe aitona-amonak eta neba-arrebak, joan zitzaizkigun lagunak. Nahiz eta heldu azken eguna, inoiz ez zen itzuliko joan zitzaiguna.


2. Saria –Karlos Aretxabaleta Ormaetxea-


Zoragarria, besterik ez. Holakoxea da emakume zahar baten jarduna; basoan lurretik botata aurkitzen dituen hitzak batzen ditu gauero. Perretxikoak bailiran, haztamuka, zuhaitzen magaletik mendizaleei eroritako hitz onduak emeki jasotzen ditu. Eguzkia hil orduko, basoko musdeak tentuz askatzen ditu paper-bolak bere gordelekuan barrena irakurtzeko; ibiltariek galdutako mila sekretu gordetzen dituztelakoan. Gero, kontu handiz, altxorren kutxan gorde ohi ditu, urre gorria direlakoan. Beste batzuetan, ordea, denboraren poderioz basoko orbelean sustraitutako hitzak errotik atera, krak! kolpe hots batean moztu, eztiki biribilkatu, ahora eraman eta berba biribilguari sua ematen dio. Halakoetan, bakean dago gure basanderea, askea baita hitz gozoak erretzean, sutxakurrak sortzen dituenean.

 

3. Saria –Eneritz Alberdi Irastorza-


-Zoragarria, besterik ez. -Zoragarria eta kito? Ez da ohikoena bainan ederto. Jaiotza eta heriotza egunak goran? Beheran? - Ez. -Orduan, izena? -Ezta ere. -Beraz, zertxobait garestiagoa izango da. "Annos vixit", "iacet hic", " memento mori" esaldiak moldeekin egiten dira eta zuk nahi duzuna zizelkatuta. Ulertzen? -Bai, ados. -Eta? Gizon berezia izan behar zuen. -Ez dakit, ni asegurukoa bai naiz. Benjamin jaunak ez zuen senide ezagunik. Dirua eta jabetzak atzerrian duen sasi-semeari utzi eta azken nahia hau zuen: zoragarria deritzon hilarria. Bera nolakoa zen? -galdetzen didazu. Nik, zeri esaten dion zoragarria jakin nahiko nuke.

 

ELKAR Saria –Malen Maruri San Juan-


Zoragarria, besterik ez … Horrela deskribatuko nuke zurekin pasatutako une bakoitza; gogoratzen duzu ezagutu ginenekoa? 12 urte bete berri zenituen, berehala konektatu genuen eta hasieratik oso ondo moldatzen ginen elkarrekin. Zure gurasoentzako ez nintzen eredu ona, ez nintzen beraien gustukoa eta edozein aitzakia erabiltzen zuten zu zigortu eta nigandik urrun egon zintezen. Hala eta guztiz, gure harremana ez zen galdu; aitzitik, gero eta ordu gehiago pasatzen genuen bata besteari begira, zure gurasoek ez zekitenean. Pasa den astetik oso triste nago, entzun nizun esaten zuretzako ni ez nintzela nahikoa. Berehala baztertu nauzu eta popularrarekin joan zara, azken generazioko Iphone 12arekin. Xiaomi 9

 

Bosgarren edizioa 2022an abian jartzea dute helburu antolatzaileek, proiektuari segida emanez, eta idazmenean interesa dutenen talentua aurkitu eta sustatzeko asmoz.

 

WhatsApp Image 2021 04 12 at 11.07.41<<Basozelai Gaztegunea berriro zabalik>>


ZirtZart Basauri gazte-zerbitzuak Basozelaiko gaztegunearen ateak irekiko ditu berriro apirilaren 12tik aurrera, 12 urtetik gorako gazte basauritarrek erabil dezaten.

Covid-19aren ondorioz, hainbat mugarekin irekiko da berriro gaztegunea, erabiltzaile guztiei leku seguru bat eskaini ahal izateko. Hori dela eta, bi txanda ezarriko ditugu, astelehenetik igandera arratsaldeko ordutegian (lehenengoa 17:00etatik 18:45era, eta bigarrena 19:00etatik 20:45era), eta larunbatetan goizeko ordutegian (10:00etatik 11:45era eta 12:00etatik 15:00etara), 15 minutuko etenaldia eginez txanda batetik bestera, materiala behar bezala desinfektatzeko. Gainera, edukiera mugatua izango da txanda bakoitzean, eta iritsiera ordenaren arabera osatuko da.

Azkenik, ZirtZarteko bazkideak bakarrik sartu ahal izango dira gaztegunean, sarreran txartela erakutsita. Oraindik bazkide ez bazarete, ZirtZart Basauritik gonbidapena egiten dizuegu gure webgunearen bidez  karneta erabat doan eskuratu dezazuen, instalazioak erabili ahal izateko, bai eta gazte-zerbitzuak antolatutako jardueretan abantailak eta deskontuak izateko ere.

Zuen zain egongo gara!

 

jumpfinal<<Irteera CITY JUMPera, apirilaren 18an, ZirtZart Basaurik antolatua>>

Zirt Zart Basauri Gazteria zerbitzuak GASTEIZeko CITY JUMPera joateko irteera bat antolatu du, apirilaren 18an, 12 eta 30 urte bitarteko gazteentzat.

City Jump aisialdiko parke bat da, eta bertan salto egiteko aukera izango duzu, inoiz imajinatu ez bezala.

Joan-etorria autobusez egingo dugu. Ordutegien aldetik, gazteek goizeko 10:30ean egon beharko dute Basauriko udaletxearen aurreko autobus geltokian, eta arratsaldeko 15:00etan itzuliko gara leku berera.

Jarduera horretarako arropa erosoa eramatea aholkatzen dugu.

Plazak mugatuak dira, eta, kopurua gaindituz gero, zozketa egingo dugu parte-hartzaileak hautatzeko. Izen-emateko azken eguna apirilaren 12a izango da.

Albisteapartehartzea<<Hitz-Erdiko Kontaketak, euskarazko ipuin laburren lehiaketak, parte-hartze marka berria lortu du aurten 4. edizioan>>

  • 203 kontaketa jaso dituzte antolatzaileek.
  • Horietatik 121 adingabeek idatzitakoak.

Martxoaren 14an itxi egin zen lehiaketan izena emateko epea, eta antolatzaileek emandako hasierako esaldiari, hots, «Zoragarria, besterik ez…» sarrerari, jarraipena eman dioten 203 kontaketa jaso dira. Laugarren edizio honek, parte-hartzeari dagokionez, marka berria ezarri du. Ekimena ZirtZart Basaurik —Basauriko Udalaren Gazteria Ataleko programak— antolatzen du, Geuria Hego Uribeko herri komunikabidearen eta Elkar Euskal Kulturgintzaren laguntzarekin. 12-35 urte bitarteko gazteei zuzendua dago, eta helburu du idazmenean interesa dutenen talentua sustatzea.

Jasotako 203 kontaketa horiek epaimahaiaren esku dira dagoeneko, eta apirilaren bukaera aldera emango dira jakitera 2021eko 4. edizioaren irabazleen izen-abizenak. Honako hauek dira banatuko diren lau sariak:

   - Lehen sailkatua: 200,00 €-ko bonua
   - Bigarren sailkatua: 125,00 €-ko bonua
   - Hirugarren sailkatua: 75,00 €-ko banua
   - Elkar saria: 150,00 €-ko bonua
   - Horrekin batera, sarituriko lau kontakizunak Geuria aldizkarian argitaratuko dira.

Azkenik, iazko nobedadeari helduz eta jarraipena emanez, liburuxka berezia kaleratuko da 2021eko urtarrila eta martxoa bitartean jasotako kontaketa sortarekin. Ale kopuru mugatua egongo da eskuragarri Basauriko Gazte Informazio Bulegoan eta baita Elkar dendan ere.

Non Gaude

GIB, Entsegu Gelak eta Basozelaiko Gaztegunea
 Basozelai Kalea 11 zk. 48970 Basauri Bizkaia
Telefonoa: (+ 94 466 64 00)
WhatsApp: (+ 634 984 615)
 zirtzart@basauri.eus
San Migeleko Gaztegunea
 Gernika 60 zk. 48970 Basauri Bizkaia
Telefonoa: (+ 94 466 64 71)
 zirtzart@basauri.eus

 Basauriko Udala TTII | Pribatutasun politika

Bilatu