<<The Owl Project taldeak irabazi du Rockein-en seigarren edizioaren sari nagusia>>
Haxotz izan da tokiko talderik onena; Agian, euskarazko talderik onena eta Kimerak irabazi du Publikoaren saria
The Owl Project-ek, Markina-Xemeingo laukoteak, irabazi du Rockein, talde eta bakarlariei zuzendutako lehiaketa musikalaren seigarren edizioaren, sari nagusia. Kasabian, Primal Scream eta Oasis-etik abiatu eta MGMT edo LCD Soundsystem-en bukatzen diren eragin musikalak dauzka talde bizkaitarrak. Rockein-en sari nagusiko aurreko irabazleak Los Cosméticos (2017), Albert Cavalier (2016), Grand Matter (2015), The Weapons (2014) eta Radiofunkens (2013) izan ziren.
Tokiko talderi onenaren saria Haxotz-ek irabazi du, hardcore zaratasu, melodiko eta politikoa egiten duen laukotea. Agian -tokiko talderik onenaren saileko finalista ere bazen- izan da euskarazko proposamen onena eta Kimerak irabazi du Publikoaren saria, 2.650 lagunek parte hartu duten lehiaketan 303 botu jaso ostean.
Rockein-en finala iragan larunbatean, maiatzaren 12an, izan zen Basauriko Social Antzokian, doan. 250 lagun baino gehiago bertaratu ziren The Owl Project, Moonshakers eta Purple Vellocet -sari nagusiko finalistak- eta Haxotz, Agian eta Todos los fuegos -tokiko talderik onena- zuzenean ikusteko.
Finaleko epai mahaia ondorengo pertsonek osatu zuten: Álvaro Fierro, kritikari musikala, dokumental musikalen zuzendari eta kulturaren alorrean eragin ekonomikoak ikertzen dituen Cultumetría enpresako arduradun; Amets Rodríguez, Mundaka Festival-eko zuzendaria; Jon Hervás, Shake klubaren eta Solifest eta Unisound jaialdien eragile eta Panorama promotorako kide; Amaia Santana, musikan berezitutako kazetaria (MondoSonoro, Rock In Bilbo); Iker Bárbara, MondoSonoro aldizkari musikalaren Euskal Herria eta Errioxako edizioaren koordinatzailea; Joseba Vegas, BI FM-ko zuzendaria; Jon Aguirrezabalaga, ekoizle musikala eta WAS musika taldeko kidea eta Igone Beloki, Basauriko Udaleko Gazteria saileko zinegotziak.