<<Ainhoa Sagasti, Dekot eta Full Cab, Rockeinen bederatzigarren edizioaren kategoria nagusiko finalistak>>
- Julen Burgos, Kurixe eta La Nevera Vacía izango dira Tokiko artistarik onenari saria irabazteko hautagaiak
- Finala azaroaren 27an, larunbatez, izango da Basauriko Social Antzokian. Publikoa zutik egongo da eta doako sarrera izango da, gonbidapenarekin
Ainhoa Sagasti, 19 urteko gazte getxoztarra; Maruri-Jatabeko Dekot taldea; eta Bilbon errotuta dagoen Full Cab rock laukotea izango dira Rockeinen bederatzigarren edizioaren sari nagusia irabazteko hiru hautagaiak.
Finalean joko duten beste hiru artistak Julen Burgos, Laudioko kantautore gaztea; Kurixe pop-rock laukotea (kideetako bat Arrigorriagan bizi da); eta La Nevera Vacía (indie rocka Galdakaotik, Barakaldotik eta Bilbotik) dira. Hiru proiektu hauek Tokiko artistarik onenari saria irabazteko aukera izango dute, Basauri, Arrigorriaga, Galdakao edo Laudion erroldatutako kide bat gutxienez daukaten proiektuak saritzen dituen kategorian.
Finala azaroaren 27an, larunbatez, izango da Basauriko Social Antzokian. Sarrera doakoa izango da, baina gonbidapenak eskuratu beharko dira socialantzokia.eus webgunearen bitartez azaroaren 3ko eguerditik aurrera. Publikoa zutik egongo da, gehienezko edukierarekin eta indarrean dauden osasun neurriak beteko dira.
Ohi bezala, Rockeineko 4 kategorien irabazleen izenak (Artistarik onena euskaraz eta Eskarabilera saria, barne) finalean bertan jakinaraziko ditu epaimahaiak.
Iragan irailaren 30ean itxi zen Rockein-en 9. edizioan izena emateko epea. Lehiaketa musikala Basauriko Udalak antolatzen du, Arrigorriaga, Galdakao eta Laudioko Udalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, eta Euskal Autonomi Erkidego eta Nafarroako bakarlari eta taldeei zuzenduta dago. 179 artistak eman dute izena, seigarren urtez jarraian parte hartze marka gaindituz.
ROCKEIN 2021 FINALA
Larunbata, azaroak 27
21.00 (ateen irekitzea), 21.30 (kontzertuen hasiera)
Tokiko artistarik onena
JULEN BURGOS • KURIXE • LA NEVERA VACÍA
Sari nagusia
AINHOA SAGASTI • DEKOT • FULL CAB
Gonbidapenak socialantzokia.eus webgunean azaroaren 3tik aurrera
SARIAK:
Talde irabazlea
- EP profesional bat (gutxienez bost abesti) grabatzea, ekoiztea eta masterizatzea Bilboko El Tigre estudioetan.
- EParen 500 kopia editatzea, CD euskarrian.
- Bideoklip profesional bat grabatu eta ekoiztea.
- MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea
Tokiko talderik onena
- MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea
Euskarazko talderik onena
- Abesti bat grabatzea eta ekoiztea.
- MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea
Eskarabilera saria
- MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea
Informazio gehiago:
www.facebook.com/rockein
Twitter: @rockeinrock