<<Urtarrilaren 10etik martxoaren 10era bitartean jasoko dituzte ZirtZarten «Hitz-Erdiko Kontaketak» euskarazko ipuin laburren lehiaketaren 2022ko ediziorako lanak>>
- «Zenbat gauza galtzen ditugun galtzearen beldur…» izango da abiapuntua. Esaldi horretatik hasita, gehienez ere ehun hitzeko kontakizuna idatzi beharko dute parte-hartzaileek.
- Lau sari egongo dira: «Lehen sailkatua», «Bigarren sailkatua», «Hirugarren sailkatua» eta «Elkar» saria.
Lehiaketa ZirtZart Basaurik —Basauriko Udalaren Gazteria Ataleko programak— antolatzen du, Kultur Basaurirekin lankidetzan, eta Geuria Hego Uribeko herri komunikabidearen eta Elkar Euskal Kulturgintzaren laguntzarekin. 12-35 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekimen horren helburua da idazmenean interesa dutenen talentua aurkitzea.
Parte hartu nahi dutenek «mikrokontakizun» bat idatzi beharko dute, gehienez ere ehun hitzez osatua. Antolatzaileek hasierako esaldia emango dute (aurtengoan «Zenbat gauza galtzen ditugun galtzearen beldur…»), eta hortik abiatu beharko dira lanak. Parte-hartzaile bakoitzak hautatuko du bere kontakizunaren gaia. Bakar-bakarrik onartuko dira euskaraz idatzitako «mikrokontakizunak». Nahi adina kontakizun aurkeztu ahalko ditu parte-hartzaile bakoitzak, 2022ko urtarrilaren 10etik martxoaren 10era bitartean, zirtzart.basauri.eus webgunearen bitartez.
Lau sari egongo dira: «Lehen sailkatua» (200 €-ko bonua jasoko du), «Bigarren sailkatua» (150 €-ko bonua), «Hirugarren sailkatua» (100 €-ko bonua) eta «Elkar» saria (150 €-ko bonua). Azken horretan 12-17 urte bitartekoen proposamenak baino ez dira aintzat hartuko. Sarituriko lau «mikrokontakizunak» Geuria aldizkarian argitaratuko dira (Hego Uribeko Herri Komunikabidea da Geuria).
Bosgarren edizioa dugu aurtengoa, eta orain arte antolakuntzak denera 429 proposamen jaso ditu -89 lehen edizioan, 83 bigarrenean, 54 hirugarrenean eta 203 laugarrenean-. Iazko deialdian Mungian bizi den Naroa Elortegi García, Bediako Karlos Aretxabaleta Ormaetxea eta Berrobiko Eneritz Alberdi Irastorza izan dira, hurrenez hurren, lehen, bigarren eta hirugarren sarien irabazleak. Malen Maruri San Juan bilbotar gazteak Elkar Saria jaso zuen.