«Festibas»en zortzigarren edizioa maiatzaren 21ean (larunbata) izango da, eta, horren kariaz, bertan parte hartzera gonbidatzen ditu herriko musika taldeak
«Festibas» banden jaialdia antolatu du ZirtZart Basauri Basauriko Udalaren gazteria-programa integralak. Udalerriko musika taldeei eta Basozelai Gizarte Etxean dauden entsegu-gelak erabiltzen dituzten bandei eskainitako jaialdia da hau.
Maiatzaren 21ean (larunbata) izango da hitzordua Basaurin, eta lekua zehazteke dago oraindik. «Festibas»en xedea da zuzenean jotzeko aukera ematea herriko musika taldeei, eta ikusleen aurrean bultzatzea proiektu bakoitza, jai-giroan.
Jaialdian parte hartu nahi duten taldeek otsailaren 21etik martxoaren 31ra bitartera eman beharko dute izena. Horretarako, antolatzaileek eskatutako agiriak aurkeztu, eta finkatutako gutxieneko baldintzak bete beharko dituzte, besteak beste: taldeko kide bat, gutxienez, Basaurin bizitzea, edota azken bi ikasturteotan (2020-2022) Basozelai Gizarte Etxeko entsegu-lokaletan aritu izana; eta taldeko kide guztiak 16 urtetik gorakoak izatea.