01 Azala«Hitz-Erdiko Kontaketak», euskarazko ipuin laburren lehiaketak, parte-hartze errekorra izan du, 2022ko edizioan jasotako 277 proposamenekin

• Bosgarren edizio honetan Lapuebla de Labarcan bizi den Ariane Ochoa Pascual, Bilboko Laiene Etxebarria Abiña eta Bergarako Aroa Elortza Payros izan dira, hurrenez hurren, lehen, bigarren eta hirugarren sarien irabazleak. Julen Arriaga Arizmendi orozkoar gazteak jaso du Elkar Saria.

“Zenbat gauza galtzen ditugun galtzearen beldur…”. Parte hartu nahi zutenek antolatzaileek proposatutako hasierako esaldiari jarraipena eman behar zioten, eta gehienez ehun hitzeko kontaketa bat idatzi behar zuten euskaraz. Bosgarren edizio honetan, urtarriletik martxora bitartean garatua, 277 proposamenen errekorra izan du lehiaketak.

Lehiaketa Basauriko Udalaren ZirtZart Gazte Zerbitzuak antolatzen du, Geuria Hego Uribeko herri komunikabidearen eta Elkar Euskal Kulturgintzaren laguntzarekin.

Lau kontakizun izan dira sarituak: «1. sailkatua», 200 euroko saria; «2. sailkatua», 125 eurokoa ; «3. sailkatua», 75 eurokoa ; eta «Elkar saria» —adingabeei zuzendua—, 150 euroko saria. Horrez gain, ipuin irabazleak Geuria Hego Uribeko hedabidean argitaratuko dira.

Azkenik, liburuxka berezia sortu dugu jasotako kontaketa sortarekin. Formatu fisikoan, ale kopuru mugatua dago eskuragarri Basauriko Gazte Informazio Bulegoan, eta baita Elkar dendan ere. Formatu digitalean ZirtZart Basauri gazte zerbitzuaren webgunean dago ikusgai.

Hona hemen proposamen irabazleak:

1. Saria -Ariane Ochoa Pascual-
“Zenbat gauza galtzen ditugun galtzearen beldur” irakur zitekeen Loreren etxe pareko muraletako batean. Ausarta zen, gura beste gauza egitera ohituta zegoen. Duela aste batzuk goizero bere parean hori ikusteak min ematen dio, triste egotearren errua sentitzen du. Beldur da. Bilbora ezkondu zenean astero Manuelekin afaltzera ateratzen zen, lagun asko egin zituen. Haurdun geratu zenetik saminduta dago, beldurra du bere haurrari utziko dion munduarekin. Beldur da lagunek atzean utziko dutelakoan, ez dutelako agurtuko. Horregatik, asteak daramatza deitu gabe. Bakarrik sentitzearen beldur da. Afari berezia prestatu du gaur Manuelekin balkoian afaltzeko, muralari begira. Azkenean, sukaldean egunero lez hartu dute gaueko hotzaren beldur.

2. Saria -Laiene Etxebarria Abiña-
Zenbat gauza galtzen ditugun galtzearen beldur. Ehun hitzeko kontaketa idatzi nahi dut. Horretarako, mugikorra zirriborroz beteta dut, kuadernoan arkatzez idatzitako ideia zaparrada bikaina, eta denbora soberan. Prokrastinazioa tarteko, azkenengo minutu arte itxaroten dut nire kontaketa bidaltzeko. Milaka aldiz aldatu dut amaiera, zein hasiera, zein protagonistaren izena. Idatzitakoa angulu guztietatik aztertu izanagatik, ez naiz ikusten irabazteko gai. Hobe denbora galtzeari uzten badiot. Neure burua lasaitu nahian, gogoratzen diot partehartzailea naizela, ez epailea. Une horretan konturatzen naiz zein nekatuta nagoen nekatuta egoteaz. Ez zen prokrastinazioa, ez zen alfertasuna, baizik eta antsietate madarikatua. Azkenik, barneko beldurrrak askatuta, kontaketa bidali dut.

3. Saria -Aroa Elortza Payros-
Zenbat gauza galtzen ditugun galtzearen beldur. Isilik gelditu ginen biok, elkarri begira. Bagenekien amaitzear zela, eta agian horrexegatik egin genion uko norbere barnekoa adierazteari, bagenekielako elkar galtzear geundela. Elkar galtzeari genion beldurra medio, gure harremaneko azken uneak galdu genituen, elkarri so igarotzen baikenituen orduak, ezer egin barik. Ospitaleko pareta zuriek ere ez ziguten laguntzen denboraldi tristea goxatzen. Heriotza noiz iritsiko zain zauden garaian, alabaina, ez dut uste asko dagoenik esateko, ortzadar koloreko paretak izanagatik ere. Elkarri begira geunden ordu luze horietako batean, begiak itxi zenituen. Orduantxe galdu zintudan, ama, eta aldi berean, gure bizitzetako azken hamazazpi hilabeteak, ospitalean sartuta, oxigeno bonbonari lotuta, isilpean.

ELKAR Saria -Julen Arriaga Arizmendi-
Zenbat gauza galtzen ditugun galtzearen beldur… Hori zioen Paulo Coelhok bere “Brida” liburuan. Eta nik zenbat aldiz idatzi izan dizut Whatsappeko mezua? Zenbat aldiz berrirakurri izan dut Whatsappeko mezua? Telefono madarikatua! Inoiz ez dut bidali, ez naiz izan adorez dohaindua. Beti bizi izan naiz kikildua. Gazteok parkean batu gara asteburuan. Jesarrita ikusi zaitut bankuan. Gaur batu gaitu patuak. Agian egia da gauez pantera bihurtzen direla katuak. Agian alkoholaren errua. Gaur eztarriko korapiloari emango diot sua. Zure agur adeitsuan sentitu naiz lasaitua. Ziur nago etorkizunean esango dizudala belaunikatua: “Nirekin egon nahi duzu ezkondua?”.

Seigarren edizioa 2023an abian jartzea dute helburu antolatzaileek, proiektuari segida emanez, eta idazmenean interesa dutenen talentua aurkitu eta sustatzeko asmoz.

· LIBURUXKA ·

Non Gaude

GIB, Entsegu Gelak eta Basozelaiko Gaztegunea
 Basozelai Kalea 11 zk. 48970 Basauri Bizkaia
Telefonoa: (+ 94 466 64 00)
WhatsApp: (+ 634 984 615)
 zirtzart@basauri.eus
San Migeleko Gaztegunea
 Gernika 60 zk. 48970 Basauri Bizkaia
Telefonoa: (+ 94 466 64 71)
 zirtzart@basauri.eus

 Basauriko Udala TTII | Pribatutasun politika

Bilatu