<<Hitz-Erdiko Kontaketak, euskarazko ipuin laburren lehiaketak, 149 proposamen jaso ditu aurtengo 6.edizioan>>
- Seigarren edizio honetan Bergarako Aroa Elortza Payros, Ordiziako Ainhoa Beldarrain Iraola eta Oñatiko Sara Mantxola Akizu izan dira, hurrenez hurren, lehen, bigarren eta hirugarren sarien irabazleak. Zeberioko Aran Goti Sanchez gazteak jaso du Elkar Saria eta Olatz Flores Corralek Basauri Saria.
«Eskua luzatu nahi nizun…». Lehiaketako antolatzaileek aurreko esaldi hasiera proposatu zuten parte hartzaileek jarraipena emateko, eta gehienez ehun hitzeko kontaketa bat idazteko euskaraz. Seigarren edizio hau 2023ko urtarriletik martxora egin da eta 149 proposamen jaso dira.
Lehiaketa Basauriko Udalaren ZirtZart Gazte Zerbitzuak antolatzen du, Geuria Hego Uribeko herri komunikabidearen eta Elkar Euskal Kulturgintzaren laguntzarekin.
Bost kontakizun izan dira sarituak: «1. sailkatua», 200 euroko saria; «2. sailkatua», 125 eurokoa ; «3. sailkatua», 75 eurokoa ; «Elkar saria» —adingabeei zuzendua—, 150 euroko saria; eta «Basauri saria» —herrian erroldatutakoei zuzendua—, 150 euroko saria. Horrez gain, lehen bi sailkatuen ipuinak eta, Elkar eta Basauri sarituen ipuinak Hego Uribe eskualdeko Geuria aldizkarian argitaratuko dira.
Azkenik, liburuxka berezia sortu da jasotako kontaketa batzuekin; bertan bost irabazleak daude, besteak beste. Ale kopuru mugatua dago eskuragarri Basauriko Gazte Informazio Bulegoan, eta baita Elkar dendan ere. Doan.
Hona hemen proposamen irabazleak:
1. Saria · Aroa Erotza Payros (Bergara)
Eskua luzatu nahi nizun arren, beste aldera begiratu zenuen. Ezer gertatu ez balitz bezala. Ezezagunak izango baikinan.
Baina ongi dakigu, bai zuk, baita nik ere, ez ginela. Ez ginela ezezagunak; eta gainera, ezagunak baino gehiago ere baginela. Maitaleak esatera ere ausartuko nintzateke. Baina ez ohaideak. Maitatzaileak baizik.
Baina ongi dakigu biok bizitzen uneren batean maitale izatetik ezezagun izatera igaro ginela, nik oraindik horretarako arrazoiak ulertu ez baditut ere. Eta horrekin batera iritsi zirela isilaldiak, bakardadea.
Eskua luzatu nahi nizun laguntzat zintudalako. Eta norbaiten laguntasuna behar zenuela nabaritzen nuelako.
Orain, ordea, beranduegi da onartzeko, jada ez baitut eskurik zuretzat, isiltasuna baizik.
2. Saria · Ainhoa Beldarrain Iraola (Ordizia)
Eskua luzatu nahi nizun; zurekin egon, besterik ez nuen nahi. Gure etxea zenaren hondarrak nituen begi aurrean. Zirrikitutik bion eskuak elkartu zirenean konformista bihurtu nintzen, oraindik hor jarraitzen zenuelako. Hondamendi hori gutxi balitz eguraldia ere tristetzen hasia zen eta egunen joan etorrian egoerak berdin jarraitzen zuen.. Lurrikarak, hitzak dioen bezala, ikara sortu zidan. Asteak joan ahala, jendea lurrazpian, ilunpetan, hotzez eta beldurrez, terrorearen sentimenduaz oihuak, marruak eta malkoak soinu-banda genituelarik. Pixkanaka denon indarrak ahulduz doaz, zureak batez ere, etsipena duzu ahotsean. Gaua iristear dago eta begiak pertsiana gisa itxi zaizkit. Maitea, azkenekoz bada ere emaidazu eskua, mesedez.
3. Saria · Sara Mantxola Akizu (Oñati)
Eskua luzatu nahi nizun, baina eskuen artetik ihes egin zenidan, hostoek zuhaitzetatik egin ohi duten gisara. Egunero igarotzen naiz ogi txigortu usaina duen okindegiaren ondotik, asteazkenero gosaltzen genuen mahaia ikusten dut erakusleihotik. Igandero irakurtzen dut “Musika airean”, nire ondoan ez zauden arren, tradizioak tradizio direlako. Eta nola ez, oheratu baino lehen hainbeste maita genuen “Izarren hautsa” entzuten dut. Musika airean moduan zu zeu ere joan egin zara. Eta kantak dioen gisara zu zeu izarren hauts bilakatu zara. Pandemia madarikatuak neure albotik urrundu zintuen, baina nik beti sentitzen zaitut gertu. Gauero zeruan dir-dir egiten duen izar itzalezina izango zara niretzat. Beti.»
ELKAR Saria · Aran Goti Sanchez (Zeberio)
Eskua luzatu nahi nizun olatua zetorrela ikusi nuenean. Baina ezinezkoa izan zen. Beldur nintzen, itsasoa haserre zegoen. Egun guztietan zurekin egiten dut amets, arreba maitea. Bizirik al zaude? Itsasontziren batek salbatu al zintuen? Kongo atzean utzi izan behar genuen, gurasoak, amama… Euskal Herrira abiatu ginen gerratik ihesi. Baina pateran gentozela tenporalak harrapatu gintuen eta uretara erori zinen. Gaua sartu arte ibili ginen zure bila baina ez zinen inondik agertzen. Ur handiak utzi eta kostalderako bideari ekin genion. Orain Getarian bizi naiz eta zure zain nago. Gau guztietan itsasorantz begiratzen dut ea leku batetik edo bestetik agertzen zaren. Agertu zaitez arren.
BASAURI Saria · Olatz Flores Corral (Basauri)
Eskua luzatu nahi nizun, baina zurea luzatuko ez zenidan beldurrak mugiezin utzi ninduen zure etxeko portaleko atean mamu bat ikusi banu bezala. Betirako galdu zaitudala sentitzen dut nonbait eta sentsazio atzerritar horrek sekulako korapiloa egin dit eztarrian. Galdu zaitudala bakarrik esan nahi du ezin izango ditudala zure beldurrak berriro besarkatu, ez eta zure irriak berriro dastatu ere. Agurrak beti izaten dira garratz xamarrak. Beharrezkoak baita ere. Beharrak behar, konturatu naiz behar izan zaitudanean ez zarela egon eta orain, azken agurra heldu dela, badakit mina sentitu behar dudala zure hurbiltasunaren premia berriro izan ez dezadan.
Zazpigarren edizioa 2024an abian jartzea dute helburu antolatzaileek, proiektuari segida emanez, eta idazmenean interesa dutenen talentua aurkitu eta sustatzeko asmoz.