UrbanFesta22 compEkainaren 18an, Basaurin, «Urban Festa»ren hamaikagarren edizioa ospatuko da, grafitia ardatz duela. Tailerrak eta zuzeneko musika ez dira faltako

Ekainaren 18an Urban Festa jaialdia ospatuko da Basozelai Gizarte Etxeko patioan, Basauriko Udalak antolatua –ZirtZart gazte zerbitzuaren bitartez- eta Kultur Basauriren laguntzarekin. Grafiti arte-lanetan aditu andana batzen dituen eskaintza horrek hamaika urte beteko ditu aurtengoan, eta ohiko erakusketaz gain, artelanen erakusketa, tailerrak eta zuzeneko musika ere ez dira faltako.

Goizeko hamaiketan emango zaio hasiera jardunaldiari, grafiti erakusketan parte hartuko duten berrogei bat profesionalen lehen zirriborroekin batera. Eguerdian, monitore adituen gidaritzapean, hainbat tailer egingo dituzte (grafitia “celograff” teknikaren bitartez). Doako eskaintza honetan edonork har dezake parte; hala ere, plazak mugatuak direla esan beharra dago.

Egunean zehar «Bihurri Dub Sound System» musika taldea arituko da espazioa girotzen eta arratsaldean, bostetatik aurrera, «Erruki Jauna» eta «Frakture» taldeen zuzeneko ikuskizunez gozatzeko aukera izango du publikoak Basozelai Gizarte Etxeko patioan bertan.

Zazpietan hasita, «Batalla The Stylos» txapelketarekin emango zaio amaiera jardunaldiari. Binaka jokaturiko lehiaketa honetan, parte hartzaileek denbora tarte laburra izango dute espray potea eskuan hartuta diseinurik erakargarriena margotzeko. Bidean asko geratuko dira eta bakar batek lortuko du garaipena.

Egitarau osoa doakoa da, eta beraz, publikoak ez du inolako sarrerarik ordaindu behar izango. Tailer nahiz zuzeneko emanaldien plazak mugatuak izango dira.

ORDUTEGIA:

• Grafiti erakusketa: 11:00 – 20:00
• Artelan erakusketa : 11:00 – 20:00
• Tailerrak: 12:00 – 14:00
• Zuzenekoak
   o «Bihurri Dub Sound System»: 11:00
   o «Erruki Jauna» + «Frakture»: 17:00
• «Batalla The Stylos» txapelketa: 19:00

Hamaikagarren edizioa ekainaren 18an ospatuko da, baina aurretik, 15etik 17ra Carles Redón artista famatu kataluniarra, “El Xupet Negre” ezizenaz ezaguna dena, herriko musika eskolaren atzealdeko horman (Social Antzokitik ikusgai) hogeita hamar metroko murala margotzen arituko da. Artista horrek munduko hiri handi batzuetan obrak zein erakusketak egin ditu (Bartzelona, Paris, Berlin, Amsterdam, Los Angeles,…) eta aukera aparta izango da hori gertutik ikusteko. Basaurin zehar orain arte artista ezagunek nahiz hasiberriek egindako lan muralen eskaintzari obra berria gehituko diogu eta, gainera, puntako profesionalek osatuko dute.

Ekainaren 12ko entzunaldiak bukaera borobila emango dio 2022ko «Musika taldeak eratzea» ikasturteari

- Basauriko Ibaigane Kultur Etxean ospatuko da.
- 11:30etik aurrera, doako sarrera edukiera bete arte.

Urtarrilaren 13an abian jarri ziren Basauriko Udalak, ZirtZart Gazte Zerbitzuaren bitartez, urtero eskaintzen dituen musika-tresnen formakuntza ikastaroak. Bertan, bost modalitate bereizi dira: kantua, gitarra, baxua, bateria eta haize taldea. Dinamikari dagokionez, ikasleek jaso dituzten praktikak ez dira aukeratutako instrumentura mugatu, hau da, beste taldeetako parte-hartzaileekin ere jardunean aritu dira, musika taldeak sortzea sustatuz.

Bost hilabete baino gehiagoko formakuntzaren ostean, kurtso amaierako entzunaldia ospatukoa da Basauriko Ibaigane Kultur Etxean ekainaren 12an, igandea. Bertan, publikoak ikasturtean parte hartu izan dutenen zuzenekoak entzun eta ikusteko aukera izango du.

11:30ean hasiko da emanaldia, eta lantaldea osatzen duten ikasleek zuzenean joko dute. Sarrera doan izango da. Plaza kopuru mugatua dago.

2022ko ikasturtean 45 inskripzio jaso ditu antolakuntzak; 15 pertsona haizeen taldean, 12 gitarran, 7 baterian, 6 kantuan eta 5 baxuan.

inscripcion vertical simple

Rockeinek talde eta bakarlari berriak bilatuko ditu Euskadin eta Nafarroan, hamargarren urtez jarraian

• Izena emateko epea bihartik uztailaren 12ra arte egongo da zabalik eta finala azaroaren 19an izango da Basauriko Social Antzokian

• Full Cab 2021eko kategoria nagusiko talde irabazleak prentsaurrekoan aurkeztu ditu sariaren ondoriozko EPa eta bideoklipa

Basauriko Udalak, Arrigorriaga, Galdakao eta Laudioko Udalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, hamargarren urtez jarraian iragarri du Rockein musika lehiaketa, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako talde eta bakarlariei zuzendua.

Izena emateko epea bihartik uztailaren 12ra arte egongo da zabalik. Jasotako proposamen guztien artean, sektoreko profesionalek osatutako epaimahai batek sei finalista aukeratuko ditu, azaroaren 19an, larunbata, Basauriko Social Antzokian arituko direnak. Gau horretan bertan, epaimahaiak 2022ko edizioko talde irabazleak zeintzuk izango diren erabaki eta jakinaraziko du.

Jokoan dauden sarien artean, bost abestiko EP baten grabazioa, ekoizpena eta masterizazioa, bideoklip baten ekoizpena eta MAZ Basauri jaialdian jotzeko aukera daude.

2021ean Rockeinek bere parte-hartze errekorra lortu zuen seigarren urtez jarraian, 179 parte-hartzailerekin, eta guztira 346 gonbidapen banatu zituen Social Antzokiko finalerako, lehiaketaren historiako bertaratzerik handiena.

Full Cab iazko irabazleak gaurko prentsaurrekoan aurkeztu ditu sari horren emaitzak, bost abestiko EP bat eta ‘HFA’ kantuaren bideoklipa, Rockeinen sare sozialetan dagoeneko ikusgai dagoena.

Duela 10 urte Rockeinek bere ibilbidea hasi zuenean, musika-talentu berriak aurkitzeko eta sustatzeko Basaurin antolatutako aurreko lehiaketen lekukoa hartu zuen.

Aurreko esperientziei hilabete batzuetako laguntza profesionala gehituz egin zuen, artistei amateurismotik sektore profesionalerako jauzia esploratzen hasten laguntzeko. MAZ Basauri zikloaren barruan ordaindutako emanaldiak gehitu ziren eta estudio profesional batean grabatzeko eta bideoklip bat sortzeko sariak, jakina.

Hamar urte geroago, Rockein proiektu sendoa da, lau udalek parte hartzen dugu (Arrigorriaga, Galdakao, Laudio eta Basauri) eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza daukagu.

Sei urte jarraian daramatza bere parte-hartzea hobetzen. 2021ean 179 proposamenekin itxi zen. Berdintasuna, tokiko talentua eta euskara sustatzeko irizpideak mantentzen ditu, eta parte hartzen duten proposamenak berritzeko gaitasun nabarmena du, 2021ean % 35ekoa izan baitzen.

“Gaur egun, Rockein Euskal Herriko lehiaketarik ospetsuenetakoa da. Baina garrantzitsuena da jasotako proposamenen kalitatea urtez urte hazten ari dela eta sortzen ari diren artistak gero eta prestatuago iristen direla. Hamargarren urteurren honetan, eskerrak eman nahi dizkiegu gure lehiaketan noizbait parte hartu duten musika-proiektu guztiei eta gero eta talde berriengan gero eta interes handiagoa duen publikoari. Euskadin eta Nafarroan sortzen ari diren talde eta bakarlariak animatu nahi ditugu Rockeinen aldeko apustua egiten jarrai dezaten”, adierazi du prentsaurrekoan Asier Iragorri Basauriko alkateak.

PARTE HARTZEKO BALDINTZAK

- Gutxienez taldeko kideetako bat Euskal Autonomia Erkidegoan edo Nafarroan jaioa izatea edo bertan bizitzea.
- Tokiko talde onenaren sarirako hautagai izateko: gutxienez taldeko kideetako bat Basaurin, Arrigorriagan, Galdakaon edo Laudion erroldatuta egotea.
- Eskarabilera Sarirako hautagai izateko: gutxienez taldeko kideen %50 emakumeak izatea.
- Taldekideek 16 urtetik gora izatea.
- Izena emateko unean ez dezatela editaturiko disko bat baino gehiago izan, disko etxe batekin kontratua eduki ala ez.
- Abestiak originalak izatea.

-Musika estilo guztiak onartzen dira.
- Aurretik Rockeinen izena eman duten talde guztiek edizio berri honetan berriz parte hartzeko aukera dute, aipaturiko baldintzak betetzen dituzten heinean. Sariren bat irabazi duten taldeek ez dute saria lortu zuten kategorian bigarrenez saridun izateko aukerarik izango.

SARIAK:

Talde irabazlea
- EP profesional bat (gutxienez bost abesti) grabatzea, ekoiztea eta masterizatzea Bilboko El Tigre estudioetan.
- EParen 500 kopia editatzea, CD euskarrian.
- Bideoklip profesional bat grabatu eta ekoiztea.
- MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea

Tokiko talderik onena
- MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea

Euskarazko talderik onena
- Abesti bat grabatzea eta ekoiztea.
- MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea

Eskarabilera saria
- MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea

OINARRIAK · IZENA EMATEKO ORRIA

Informazio gehiago:
www.facebook.com/rockein
Twitter: @rockeinrock
Lehiaketaren oinarriak www.basauri.eus webgunean

05 Udako eskaintza berezia diseinu bateratua konpZirtZart Basaurik «Uda Gazte» eta «Uda Tekno STEAM» campusak eskainiko ditu, 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzat, ekainaren 27tik uztailaren 8ra

- Uda Gazte, ekainaren 27tik uztailaren 1era Basozelai Gizarte Etxean
- Uda Tekno STEAM, uztailaren 5etik 8ra Arizko Dorretxean

Basauriko Udalak, ZirtZart gazteria zerbitzuaren bitartez, 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzako bi jarduera eskainiko ditu, ekainaren 27tik uztailaren 8ra bitartean. Hain zuzen ere, «Uda Gazte» eta «Uda Tekno STEAM» campusak izango dira.

Lehenengo campusa Basozelaiko Gaztegunean eskainiko da, astelehenetik ostiralera, 11:00etatik aurrera, eta egunean bi orduko iraupena izango du. Bertan, kirol eta ur ginkanak, eskulanak eta abentura irteera izango dira, besteak beste. Bestalde, «Uda Tekno STEAM» campusa Arizko Dorretxean eskainiko da asteartetik ostiralera, 19:00etatik aurrera eta egunean hiru orduko iraupena izango du. Egingo diren jardueren artean, bideojokoak sortzeko tailerrak, 3D fabrikazioa, Microbit Experience eta Arduino nabarmendu behar dira.

Interesdunek izena emateko aukera edukiko dute maiatzaren 16tik ekainaren 15era, telematikoki, gazte-zerbitzuaren webgunearen bitartez (zirtzart.basauri.eus) edo aurrez aurre, Basozelai Gizarte Etxean dagoen Gazte Informazio Bulegoan. Plaza-kopurua mugatua denez, «ZirtZart Bazkide»-n alta emanda daudenek lehentasuna izango dute plaza horiek esleitzeko orduan.

Bi eskaintzetan parte har daiteke. *Tarifari dagokionez «Uda Gazte»-n parte hartzen dutenek 12€-ko kuota ordaindu beharko dute eta «Uda Tekno STEAM» parte hartzen dutenek 18€-koa. Bietan parte hartzea aukeratzen dutenei 25€-ko tarifa bakarra aplikatuko zaie.

*5€-ko igoera tarifa ofizialetan ZirtZarteko kide ez diren pertsonentzat.

TXIKI maiatza gazteguneak definitivo<<MAIATZA BASAURIKO GAZTEGUNEETAN>>

Zirt Zart Basauri Gazteria zerbitzutik, hil honetan, doako zenbait jarduera eskainiko diegu 12-17 urte bitarteko gazteei. Parte hartzeko ez da beharrezkoa izena aurretiaz ematea, baina toki kopurua mugatua izango da. Izena eman ahala sortuko dira taldeak.

Jarraian, gure egitarauaren laburpentxoa:

- Euskal Astea: aurten bi asteburutan ospatuko dugu Euskal Astea. Ezin duzue galdu antolatuko dugun “pasapalabra”-ren bertsio euskalduna, sari ikaragarriak banatuko baititugu!!! Hurbil zaitez maiatzaren 7an Basozelaiko gaztegunera edo maiatzaren 14an SanMigeleko gaztegunera.


- Ping-pong topaketa: Ping-pong-ean trebea al zara? Hurbildu gaztegunera lehiatzera.

01 AzalaUrtarrilaren 9tik martxoaren 9ra bitartean jasoko dituzte ZirtZarten «Hitz-Erdiko Kontaketak» euskarazko ipuin laburren lehiaketaren 2023ko edizioarako lanak

-«Eskua luzatu nahi nizun...» izango da abiapuntua. Esaldi horretatik hasita, gehietnez ere ehun hitzedo kontakizuna idatzi beharko dute parte-hartzaileek.

-Bost sari egongo dira: «Lehen sailkatua», «Bigarren sailkatua», «Hirugarren sailkatua», «Elkar» saria eta «Basauri» saria.

Lehiaketa ZirtZart Basaurik —Basauriko Udalaren Gazteria Ataleko programak— antolatzen du, Kultur Basaurirekin lankidetzan, eta Geuria Hego Uribeko herri komunikabidearen eta Elkar Euskal Kulturgintzaren laguntzarekin. 12-35 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekimen horren helburua da idazmenean interesa dutenen talentua aurkitzea.

Parte hartu nahi dutenek «mikrokontakizun» bat idatzi beharko dute, gehienez ere ehun hitzez osatua. Antolatzaileek hasierako esaldia emango dute (aurtengoan «Eskua luzatu nahi nizun…»), eta hortik abiatu beharko dira lanak. Parte-hartzaile bakoitzak hautatuko du bere kontakizunaren gaia. Euskaraz idatzitako “mikroipuinak” baino ez dira onartuko. Nahi adina kontakizun aurkeztu ahalko ditu parte-hartzaile bakoitzak, 2023ko urtarrilaren 9tik martxoaren 9ra bitartean, zirtzart.basauri.eus webgunearen bitartez..

Bost sari egongo dira: «Lehen sailkatua» (200 €-ko bonua jasoko du), «Bigarren sailkatua» (150 €-ko bonua), «Hirugarren sailkatua» (100 €-ko bonua), «Elkar» saria (150 €-ko bonua) eta «Basauri» saria (150 €-ko bonua). Elkar sarian 12-17 urte bitartekoen proposamenak baino ez dira aintzat hartuko eta Basauri sarian herrian erroldatua egon beharko da parte hartzailea. Lehen sailkatuaren eta Elkar sariaren «mikrokontakizunak» Geuria aldizkarian argitaratuko dira (Hego Uribeko Herri Komunikabidea da Geuria).

Seigarren edizioa dugu aurtengoa, eta orain arte antolakuntzak denera 717 proposamen jaso ditu -89 lehen edizioan, 83 bigarrenean, 54 hirugarrenean, 203 laugarrenean eta 288 bosgarrenean-. 2022ko deialdiko saridunak hauek izan dira: lehen saria, Ariane Ochoa Pascual (Lapuebla de Labarca); bigarren saria, Laiene Etxebarria Abiña (Bilbo); hirugarren saria, Aroa Elortza Payros (Bergara); Elkar saria, Julen Arriaga Arizmendi (Orozko).

 

Argibide gehiagorako:


Basauriko Udala – ZirtZart Basauri

  • Tel: 944 666 400 - 944 666 430
  • Posta elektronikoa: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.
  • Webgunea: zirtzart.basauri.eus
  • Oinarriak

 

01 Azala«Hitz-Erdiko Kontaketak», euskarazko ipuin laburren lehiaketak, parte-hartze errekorra izan du, 2022ko edizioan jasotako 277 proposamenekin

• Bosgarren edizio honetan Lapuebla de Labarcan bizi den Ariane Ochoa Pascual, Bilboko Laiene Etxebarria Abiña eta Bergarako Aroa Elortza Payros izan dira, hurrenez hurren, lehen, bigarren eta hirugarren sarien irabazleak. Julen Arriaga Arizmendi orozkoar gazteak jaso du Elkar Saria.

“Zenbat gauza galtzen ditugun galtzearen beldur…”. Parte hartu nahi zutenek antolatzaileek proposatutako hasierako esaldiari jarraipena eman behar zioten, eta gehienez ehun hitzeko kontaketa bat idatzi behar zuten euskaraz. Bosgarren edizio honetan, urtarriletik martxora bitartean garatua, 277 proposamenen errekorra izan du lehiaketak.

Lehiaketa Basauriko Udalaren ZirtZart Gazte Zerbitzuak antolatzen du, Geuria Hego Uribeko herri komunikabidearen eta Elkar Euskal Kulturgintzaren laguntzarekin.

Lau kontakizun izan dira sarituak: «1. sailkatua», 200 euroko saria; «2. sailkatua», 125 eurokoa ; «3. sailkatua», 75 eurokoa ; eta «Elkar saria» —adingabeei zuzendua—, 150 euroko saria. Horrez gain, ipuin irabazleak Geuria Hego Uribeko hedabidean argitaratuko dira.

Azkenik, liburuxka berezia sortu dugu jasotako kontaketa sortarekin. Formatu fisikoan, ale kopuru mugatua dago eskuragarri Basauriko Gazte Informazio Bulegoan, eta baita Elkar dendan ere. Formatu digitalean ZirtZart Basauri gazte zerbitzuaren webgunean dago ikusgai.

Hona hemen proposamen irabazleak:

1. Saria -Ariane Ochoa Pascual-
“Zenbat gauza galtzen ditugun galtzearen beldur” irakur zitekeen Loreren etxe pareko muraletako batean. Ausarta zen, gura beste gauza egitera ohituta zegoen. Duela aste batzuk goizero bere parean hori ikusteak min ematen dio, triste egotearren errua sentitzen du. Beldur da. Bilbora ezkondu zenean astero Manuelekin afaltzera ateratzen zen, lagun asko egin zituen. Haurdun geratu zenetik saminduta dago, beldurra du bere haurrari utziko dion munduarekin. Beldur da lagunek atzean utziko dutelakoan, ez dutelako agurtuko. Horregatik, asteak daramatza deitu gabe. Bakarrik sentitzearen beldur da. Afari berezia prestatu du gaur Manuelekin balkoian afaltzeko, muralari begira. Azkenean, sukaldean egunero lez hartu dute gaueko hotzaren beldur.

2. Saria -Laiene Etxebarria Abiña-
Zenbat gauza galtzen ditugun galtzearen beldur. Ehun hitzeko kontaketa idatzi nahi dut. Horretarako, mugikorra zirriborroz beteta dut, kuadernoan arkatzez idatzitako ideia zaparrada bikaina, eta denbora soberan. Prokrastinazioa tarteko, azkenengo minutu arte itxaroten dut nire kontaketa bidaltzeko. Milaka aldiz aldatu dut amaiera, zein hasiera, zein protagonistaren izena. Idatzitakoa angulu guztietatik aztertu izanagatik, ez naiz ikusten irabazteko gai. Hobe denbora galtzeari uzten badiot. Neure burua lasaitu nahian, gogoratzen diot partehartzailea naizela, ez epailea. Une horretan konturatzen naiz zein nekatuta nagoen nekatuta egoteaz. Ez zen prokrastinazioa, ez zen alfertasuna, baizik eta antsietate madarikatua. Azkenik, barneko beldurrrak askatuta, kontaketa bidali dut.

3. Saria -Aroa Elortza Payros-
Zenbat gauza galtzen ditugun galtzearen beldur. Isilik gelditu ginen biok, elkarri begira. Bagenekien amaitzear zela, eta agian horrexegatik egin genion uko norbere barnekoa adierazteari, bagenekielako elkar galtzear geundela. Elkar galtzeari genion beldurra medio, gure harremaneko azken uneak galdu genituen, elkarri so igarotzen baikenituen orduak, ezer egin barik. Ospitaleko pareta zuriek ere ez ziguten laguntzen denboraldi tristea goxatzen. Heriotza noiz iritsiko zain zauden garaian, alabaina, ez dut uste asko dagoenik esateko, ortzadar koloreko paretak izanagatik ere. Elkarri begira geunden ordu luze horietako batean, begiak itxi zenituen. Orduantxe galdu zintudan, ama, eta aldi berean, gure bizitzetako azken hamazazpi hilabeteak, ospitalean sartuta, oxigeno bonbonari lotuta, isilpean.

ELKAR Saria -Julen Arriaga Arizmendi-
Zenbat gauza galtzen ditugun galtzearen beldur… Hori zioen Paulo Coelhok bere “Brida” liburuan. Eta nik zenbat aldiz idatzi izan dizut Whatsappeko mezua? Zenbat aldiz berrirakurri izan dut Whatsappeko mezua? Telefono madarikatua! Inoiz ez dut bidali, ez naiz izan adorez dohaindua. Beti bizi izan naiz kikildua. Gazteok parkean batu gara asteburuan. Jesarrita ikusi zaitut bankuan. Gaur batu gaitu patuak. Agian egia da gauez pantera bihurtzen direla katuak. Agian alkoholaren errua. Gaur eztarriko korapiloari emango diot sua. Zure agur adeitsuan sentitu naiz lasaitua. Ziur nago etorkizunean esango dizudala belaunikatua: “Nirekin egon nahi duzu ezkondua?”.

Seigarren edizioa 2023an abian jartzea dute helburu antolatzaileek, proiektuari segida emanez, eta idazmenean interesa dutenen talentua aurkitu eta sustatzeko asmoz.

· LIBURUXKA ·

04. Festibas 2022 compok«Festibas» jaialdiaren zortzigarren edizioa maiatzaren 21ean ospatuko da; zuzenekoak eta masterclass bikoitza Robert Rodrigo eta Dann Hoyosen eskutik

  • Masterclass bikoitza Ibaigane Kultur Etxean, 17:30etik aurrera
  • Zuzenekoak San Isidro plazan, 20:00etatik aurrera

Kyrae, Infarto eta Sindikato del Ruido talde basauriarrak izango dira aurtengo zikloan zuzenean arituko direnak; hain zuzen ere, maiatzaren 21ean Basauriko San Isidro plazan, eta auzoko jaien ospakizunekin bat eginez. Aurtengoan, nobedade gisa, kontzertuez gain Robert Rodrigo eta Dann Hoyos musikariek zuzenduriko masterclass bikoitza ere eskainiko da Ibaigane Kultur Etxean.

«Festibas» jaialdiak -ZirtZart Basaurik antolatua (Basauriko Udalaren gazte zerbitzua) Musika Master, Kultur Basauri eta Txantxangorri Bentako Auzo Lagunak Elkarte Kulturala laguntzaile dituela- helburu du herriko bandei zuzenean jotzeko aukera ematea, formatu profesionalean, eta proiektu bakoitza ikusleen aurrean sustatzea jai-giroan.

Jaialdia arratsaldeko 17:30ean hasiko da, Ibaigane Kultur Etxean ; bertan, Robert eta Dann musikariak oholtza gainean arituko dira euren ibilbide luzeetan hobetu dituzten teknika eta trikimailu batzuk errepasatzen. Bertaratzen diren entzuleek aukera izango dute gitarraren heroi horiei galderak egiteko. Klasea euren abilezien erakustaldi batekin amaituko da. Sarrera doakoa izango da edukiera bete arte.

Ondoren, 20:00etan, fokoak San Isidro plazan piztuko dira zuzenekoen hasierarekin batera, eta orduan Kyrae (rock metal melodiko/progresiboa), Infarto (rock&roll) eta Sindikato del Ruido taldeek hartuko dute lekukoa, eta nork bere musika ikusleen aurrean defendatuko dute.

ZirtZart Basaurik hamaika inskripzio jaso ditu musika jaialdian parte hartzeko, eta horien artetik aukeratu dira San Isidro plazan arituko direnak. Bandak aukeratzerakoan, hizkuntza, taldekideen adina eta bandak aurreko edizioetan parte hartu duen ala ez hartu da kontuan.

Non Gaude

GIB, Entsegu Gelak eta Basozelaiko Gaztegunea
 Basozelai Kalea 11 zk. 48970 Basauri Bizkaia
Telefonoa: (+ 94 466 64 00)
WhatsApp: (+ 634 984 615)
 zirtzart@basauri.eus
San Migeleko Gaztegunea
 Gernika 60 zk. 48970 Basauri Bizkaia
Telefonoa: (+ 94 466 64 71)
 zirtzart@basauri.eus

 Basauriko Udala TTII | Pribatutasun politika

Bilatu