
Rockeinek talde eta bakarlari berriak bilatuko ditu Euskadin eta Nafarroan, hamargarren urtez jarraian
• Izena emateko epea bihartik uztailaren 12ra arte egongo da zabalik eta finala azaroaren 19an izango da Basauriko Social Antzokian
• Full Cab 2021eko kategoria nagusiko talde irabazleak prentsaurrekoan aurkeztu ditu sariaren ondoriozko EPa eta bideoklipa
Basauriko Udalak, Arrigorriaga, Galdakao eta Laudioko Udalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, hamargarren urtez jarraian iragarri du Rockein musika lehiaketa, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako talde eta bakarlariei zuzendua.
Izena emateko epea bihartik uztailaren 12ra arte egongo da zabalik. Jasotako proposamen guztien artean, sektoreko profesionalek osatutako epaimahai batek sei finalista aukeratuko ditu, azaroaren 19an, larunbata, Basauriko Social Antzokian arituko direnak. Gau horretan bertan, epaimahaiak 2022ko edizioko talde irabazleak zeintzuk izango diren erabaki eta jakinaraziko du.
Jokoan dauden sarien artean, bost abestiko EP baten grabazioa, ekoizpena eta masterizazioa, bideoklip baten ekoizpena eta MAZ Basauri jaialdian jotzeko aukera daude.
2021ean Rockeinek bere parte-hartze errekorra lortu zuen seigarren urtez jarraian, 179 parte-hartzailerekin, eta guztira 346 gonbidapen banatu zituen Social Antzokiko finalerako, lehiaketaren historiako bertaratzerik handiena.
Full Cab iazko irabazleak gaurko prentsaurrekoan aurkeztu ditu sari horren emaitzak, bost abestiko EP bat eta ‘HFA’ kantuaren bideoklipa, Rockeinen sare sozialetan dagoeneko ikusgai dagoena.
Duela 10 urte Rockeinek bere ibilbidea hasi zuenean, musika-talentu berriak aurkitzeko eta sustatzeko Basaurin antolatutako aurreko lehiaketen lekukoa hartu zuen.
Aurreko esperientziei hilabete batzuetako laguntza profesionala gehituz egin zuen, artistei amateurismotik sektore profesionalerako jauzia esploratzen hasten laguntzeko. MAZ Basauri zikloaren barruan ordaindutako emanaldiak gehitu ziren eta estudio profesional batean grabatzeko eta bideoklip bat sortzeko sariak, jakina.
Hamar urte geroago, Rockein proiektu sendoa da, lau udalek parte hartzen dugu (Arrigorriaga, Galdakao, Laudio eta Basauri) eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza daukagu.
Sei urte jarraian daramatza bere parte-hartzea hobetzen. 2021ean 179 proposamenekin itxi zen. Berdintasuna, tokiko talentua eta euskara sustatzeko irizpideak mantentzen ditu, eta parte hartzen duten proposamenak berritzeko gaitasun nabarmena du, 2021ean % 35ekoa izan baitzen.
“Gaur egun, Rockein Euskal Herriko lehiaketarik ospetsuenetakoa da. Baina garrantzitsuena da jasotako proposamenen kalitatea urtez urte hazten ari dela eta sortzen ari diren artistak gero eta prestatuago iristen direla. Hamargarren urteurren honetan, eskerrak eman nahi dizkiegu gure lehiaketan noizbait parte hartu duten musika-proiektu guztiei eta gero eta talde berriengan gero eta interes handiagoa duen publikoari. Euskadin eta Nafarroan sortzen ari diren talde eta bakarlariak animatu nahi ditugu Rockeinen aldeko apustua egiten jarrai dezaten”, adierazi du prentsaurrekoan Asier Iragorri Basauriko alkateak.
PARTE HARTZEKO BALDINTZAK
- Gutxienez taldeko kideetako bat Euskal Autonomia Erkidegoan edo Nafarroan jaioa izatea edo bertan bizitzea.
- Tokiko talde onenaren sarirako hautagai izateko: gutxienez taldeko kideetako bat Basaurin, Arrigorriagan, Galdakaon edo Laudion erroldatuta egotea.
- Eskarabilera Sarirako hautagai izateko: gutxienez taldeko kideen %50 emakumeak izatea.
- Taldekideek 16 urtetik gora izatea.
- Izena emateko unean ez dezatela editaturiko disko bat baino gehiago izan, disko etxe batekin kontratua eduki ala ez.
- Abestiak originalak izatea.
-Musika estilo guztiak onartzen dira.
- Aurretik Rockeinen izena eman duten talde guztiek edizio berri honetan berriz parte hartzeko aukera dute, aipaturiko baldintzak betetzen dituzten heinean. Sariren bat irabazi duten taldeek ez dute saria lortu zuten kategorian bigarrenez saridun izateko aukerarik izango.
SARIAK:
Talde irabazlea
- EP profesional bat (gutxienez bost abesti) grabatzea, ekoiztea eta masterizatzea Bilboko El Tigre estudioetan.
- EParen 500 kopia editatzea, CD euskarrian.
- Bideoklip profesional bat grabatu eta ekoiztea.
- MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea
Tokiko talderik onena
- MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea
Euskarazko talderik onena
- Abesti bat grabatzea eta ekoiztea.
- MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea
Eskarabilera saria
- MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea
OINARRIAK · IZENA EMATEKO ORRIA
Informazio gehiago:
www.facebook.com/rockein
Twitter: @rockeinrock
Lehiaketaren oinarriak www.basauri.eus webgunean