rockein finalistas horizontal reducido

<<Airu, Cecilia Payne eta Wicked Wizzard, Rockeinen zortzigarren edizioaren kategoria nagusiko finalistak>>

-Koiu, La Tokokera eta La última bala izango dira Tokiko artistarik onenari saria irabazteko hautagaiak. Sari nagusia irabaziko ez balu, Cecilia Payne-ek ere tokikoa irabazteko aukera izango luke.

-Azaroaren 20rako Basauriko Social Antzokian iragarrita dago finala. Dataren inguruan erabaki bat hartuko da, indarrean dauden Eusko Jaurlaritzaren neurriak azaroaren 10ean luzatzen badira.

Airu, Berangoko Irune Vega abeslari eta konpositore gaztearen proiektu musikala; Cecilia Payne, 80-90 hamarkadetako indie-rocka egiten duen laukote bizkaitarra; eta Mungiako Wicked Wizzard stoner-rock hirukotea. Horiek dira Rockeinen zortzigarren edizioaren sari nagusia irabazteko hiru hautagaiak.

Finalean joko duten beste hiru taldeak dira Koiu (punk-rocka euskaraz, Galdakao-Usansolo), La Tokokera (cumbia, reggae, merengue, ska, salsa; Galdakaoko taldekide batekin) eta La última bala (rock klasikoa egiten duen hirukotea, Basauriko kide batekin). Talde horiek aukera izango dute Tokiko artistarik onenari saria irabazteko, Basauri, Arrigorriaga, Galdakao edo Laudion erroldatutako kide bat gutxienez daukaten proiektuak saritzen dituen kategorian. Dena den, kategoria nagusiko Cecilia Payne taldeak ere, Arrigorriagako kide bat izanda, sari nagusia eskuratuko ez balu, Tokiko artistarik onenari saria irabazteko hautagai izateko kontutan hartuko luke epaimahaiak, lehiaketaren oinarriek ezartzen dutenari jarraituz.

Finala azaroaren 20rako iragarrita dago, ostiralez, Basauriko Social Antzokian. Baina finalaren inguruan erabaki bat hartzeko, kultura ekitaldiei dagokienez egungo Eusko Jaurlaritzaren neurriak azaroaren 10ean luzatzen diren ala ez jakin arte itxarongo da. Indarrean dagoen dekretuak Basauriko edo mugakideak diren herrietako bizilagunei bakarrik baimentzen die Rockeineko finalera joatea. Horrek Laudioko herritarrak baztertuko lituzke, nahiz eta euren Udalak lehiaketaren antolakuntzan lagundu.

Ohi bezala, Euskarazko artistarik onenaren eta Publikoaren sariaren irabazlearen izenak finalean bertan jakinaraziko ditu epaimahaiak. Azken kategoria horretarako bozketak iragan uztailaren 25ean itxi ziren eta 2.187 lagunek hartu zuten parte.

Rockeinen zortzigarren edizioak parte-hartze marka gainditu du bosgarren urtez jarraian, 169 artistak izena eman ostean. Azken urteetan Rockeinen antzeko helburuak dituzten beste lehiaketa batzuen sorrerak ekarri duen albiste pozgarriaren ondoren, Nerbioi-Ibaizabalen jaiotako lehiaketa Euskal Herri mailan erreferentzia bezala indartu da, parte-hartze datuei eta jasotako proposamenak berritzeko erakutsitako gaitasunari erreparatuz gero. Rockeinek jarraitzen du amateurismotik alor profesionalerako pausua ematen saiatzen ari diren proiektu berriei laguntzeko hasierako izpirituarekin.

Parte-hartzearen bilakaera
2013: 85 parte-hartzaile
2014: 105 parte-hartzaile
2015: 95 parte-hartzaile
2016: 110 parte-hartzaile
2017: 129 parte-hartzaile
2018: 135 parte-hartzaile
2019: 146 parte-hartzaile
2020: 169 parte-hartzaile

Rockein Basauriko Udalak antolatzen du, Arrigorriaga, Galdakao eta Laudioko Udalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz. Eta Euskal Autonomi Erkidego eta Nafarroako bakarlari eta taldeei zuzendutako lehiaketa musikala da.

JOKOAN DAUDEN SARIAK:

Artista irabazlea
-EP profesional bat (gutxienez bost abesti) grabatzea, ekoiztea eta masterizatzea Bilboko El Tigre estudioetan.
-EParen 500 kopia diseinatu eta editatzea, CD euskarrian.
-Bideoklip profesional bat grabatu eta ekoiztea.
- Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea (antolatzaileek zehaztuko dute).

Tokiko artistarik onena
-Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea (antolatzaileek zehaztuko dute).

Artistarik onena euskaraz
-Abesti bat grabatzea eta ekoiztea.
-Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea (antolatzaileek zehaztuko dute).

Publikoaren saria
-Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea (antolatzaileek zehaztuko dute).

Informazio gehiago:
www.facebook.com/rockein
Twitter: @rockeinrock
www.basauri.eus

Non Gaude

GIB, Entsegu Gelak eta Basozelaiko Gaztegunea
 Basozelai Kalea 11 zk. 48970 Basauri Bizkaia
Telefonoa: (+ 94 466 64 00)
WhatsApp: (+ 634 984 615)
 zirtzart@basauri.eus
San Migeleko Gaztegunea
 Gernika 60 zk. 48970 Basauri Bizkaia
Telefonoa: (+ 94 466 64 71)
 zirtzart@basauri.eus

 Basauriko Udala TTII | Pribatutasun politika

Bilatu