ROCKEIN 2020 post facebook final 1200x1200 2

<<Keniamak La última bala ordezkatuko du Rockeinen finalean>>

-La última balak ezin izango du finalean egon, taldekide batek lan istripua izan duelako

-Hurrengo ostiraleko (azaroak 20) emanaldien ordutegia zehaztu da

Arrigorriagako eta Bilboko kideak dituen Keniama taldeak ordezkatuko du La última bala, Rockeinen zortzigarren edizioaren finalista moduan, Tokiko artistarik onenaren kategorian. Keniamakoek reggaea egiten dute, hip-hop, funk, ska edo hardcorearekin uztartuta, eta 2019an ere kategoria bereko finalista izan ziren. La última balak ezin izango du finalean egon, taldekide batek lan istripua izan duelako. Lehenbailehen sendatzea opa diogu.

Tokiko artistarik onenaren saria eskuratzeko beste bi hautagaiak dira Koiu (punk-rocka euskaraz, Galdakao-Usansolo) eta La Tokokera (cumbia, reggaea, merenguea, ska eta saltsa, Galdakaoko taldekide batekin).

Bestalde, Airu, Berangoko Irune Vega abeslari eta konpositore gaztearen proiektu musikala, Cecilia Payne, 80-90 hamarkadetako indie-rocka egiten duen laukote bizkaitarra, eta Mungiako Wicked Wizzard stoner-rock hirukotea dira Rockeinen zortzigarren edizioaren sari nagusia irabazteko hiru hautagaiak. Cecilia Paynen kasuan, zeinak Arrigorriagako kide bat baitauka, sari nagusia eskuratuko ez balu, Tokiko artistarik onenaren saria irabazteko hautagai izateko kontuan hartuko luke epaimahaiak, lehiaketaren oinarriek ezartzen dutenari jarraituz.

Rockeinen zortzigarren edizioaren finala azaroaren 20an izango da, Basauriko Social Antzokian. Indarrean dagoen araudia betetzeko, ateak 17:30ean ireki, kontzertuak 18:00etan hasi eta ekitaldia 21:00etan bukatuko da. Rockeinen finalerako gonbidapenak socialantzokia.eus webgunean erreserbatu daitezke, oraindik ere. Ekitaldira Basauriko eta mugakideak diren herrietako biztanleak joan ahal izango dira (Bilbao, Etxebarri, Galdakao, Arrigorriaga eta Zaratamo), eta, horretarako, gonbidapena bera erabili ahalko dute ziurtagiri moduan.

Rockeinen finalean murriztutako edukiera egongo da, eserlekuekin eta Covid-19aren araudi guztiak betez (distantzia soziala, maskara nahitaez erabiltzea, leku komunak garbitzea, barrarik gabe…). Finalera ateak irekitzen direnetik (17:30) 19:00etara bitartean sartu ahal izango da. Sartu eta gero, aukera izango da edozein unetan antzokitik ateratzeko, baina ezin izango da berriz sartu.

Ekitaldia streaming bidez emango da, Rockeinen YouTuberen kanalean, indarrean dauden murrizketen ondorioz etortzeko aukera izango ez duten pertsonek ere ikusi ahal izan dezaten —Laudioko biztanleek, adibidez: bertako Udala lehiaketaren erakunde laguntzaile izan arren, laudioarrek ezingo dute etorri—.

Rockein Basauriko Udalak antolatzen du, Arrigorriaga, Galdakao eta Laudioko Udalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz. Eta Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako bakarlari eta taldeei zuzendutako musika-lehiaketa da.

ROCKEIN 2020 FINALA
Azaroak 20, ostirala
Social Antzokia, Basauri

17:30 Ateak irekitzea
18:00 La Tokokera
18:30 Keniama
19:00 Koiu
19:30 Cecilia Payne
20:00 Airu
20:30 Wicked Wizzard
20:45 Sariak banatzea
20:55 Amaiera

* Artista bakoitzak 15 minutu inguru joko du

JOKOAN DAUDEN SARIAK:

Artista irabazlea
- EP profesional bat (gutxienez bost abesti) grabatzea, ekoiztea eta masterizatzea Bilboko El Tigre estudioetan.
- EParen 500 kopia diseinatu eta editatzea, CD euskarrian.
- Bideoklip profesional bat grabatu eta ekoiztea.
- Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea (antolatzaileek zehaztuko dute).

Tokiko artistarik onena
- Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea (antolatzaileek zehaztuko dute).

Artistarik onena euskaraz
- Abesti bat grabatzea eta ekoiztea.
- Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea (antolatzaileek zehaztuko dute).

Publikoaren saria
- Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea (antolatzaileek zehaztuko dute).

Informazio gehiago:
www.facebook.com/rockein
Twitter: @rockeinrock
www.basauri.eus

Non Gaude

GIB, Entsegu Gelak eta Basozelaiko Gaztegunea
 Basozelai Kalea 11 zk. 48970 Basauri Bizkaia
Telefonoa: (+ 94 466 64 00)
WhatsApp: (+ 634 984 615)
 zirtzart@basauri.eus
San Migeleko Gaztegunea
 Gernika 60 zk. 48970 Basauri Bizkaia
Telefonoa: (+ 94 466 64 71)
 zirtzart@basauri.eus

 Basauriko Udala TTII | Pribatutasun politika

Bilatu