> • Laugarre..." />


webgune<<"Hitz-Erdiko Kontaketak", euskarazko ipuin laburren lehiaketak, parte-hartze errekorra izan du, 2021eko edizioan jasotako 203 proposamenekin>>

• Laugarren edizio honetan 203 proposamen jaso ditu antolakuntzak. Mungian bizi den Naroa Elortegi García, Bediako Karlos Aretxabaleta Ormaetxea eta Berrobiko Eneritz Alberdi Irastorza izan dira, hurrenez hurren, lehen, bigarren eta hirugarren sarien irabazleak. Malen Maruri San Juan bilbotar gazteak jaso du Elkar Saria.
“Zoragarria, besterik ez…”. Parte hartu nahi zutenek antolatzaileek proposatutako hasierako esaldiari jarraipena eman behar zioten, eta gehienez ehun hitzekin kontaketa bat idatzi behar zuten euskaraz. Laugarren edizio honetan, urtarrila eta martxoa bitartean garatua, 203 proposamenen errekorra izan du lehiaketak (Basauriko Udalaren ZirtZart Gazte Zerbitzuak antolatua, Geuria Hego Uribeko herri komunikabidearen eta Elkar Euskal Kulturgintzaren laguntzarekin).
Lau kontakizun izan dira sarituak: «1. sailkatua», 200 euroko balioa duen saria; «2. sailkatua», 125 euroko balioa duen saria; «3. sailkatua», 75 euroko balioa duen saria; eta «Elkar saria» —adingabeei zuzendua—, 150 euroko balioa duen saria. Horrez gain, ipuin irabazleak Geuria Hego Uribeko hedabidean argitaratuko dira.
Azkenik, iazko nobedadeari helduz eta jarraipena emanez, liburuxka berezia kaleratuko da jasotako kontaketa sortarekin. Ale kopuru mugatua egongo da eskuragarri Basauriko Gazte Informazio Bulegoan eta baita Elkar dendan ere.


Hona hemen proposamen irabazleak:


1. Saria -Naroa Elortegi García-


Zoragarria, besterik ez. Halakoa izango zen azken eguna. Inoiz iristen ez zen hura. Musukoak ahaztuko genituen eguna, lagunekin batuko ginen hura, familia osoa elkartuko zen eguna, mugak zabalduko ziren hura, besarkatuko ginen eguna, elkarri musu emango genion eguna, juergan aterako ginen hura… Dena bere horretara bueltatuko zen eguna. Horrela imajinatzen genuen egunero, orduero, ia minutuero amesten genuen eguna. Baina egunak joan egunak etorri bidean besarkatu gabe joan zitzaizkigun asko. Joan zitzaizkigun minutuak, orduak eta egunak, eta azken musurik gabe aitona-amonak eta neba-arrebak, joan zitzaizkigun lagunak. Nahiz eta heldu azken eguna, inoiz ez zen itzuliko joan zitzaiguna.


2. Saria –Karlos Aretxabaleta Ormaetxea-


Zoragarria, besterik ez. Holakoxea da emakume zahar baten jarduna; basoan lurretik botata aurkitzen dituen hitzak batzen ditu gauero. Perretxikoak bailiran, haztamuka, zuhaitzen magaletik mendizaleei eroritako hitz onduak emeki jasotzen ditu. Eguzkia hil orduko, basoko musdeak tentuz askatzen ditu paper-bolak bere gordelekuan barrena irakurtzeko; ibiltariek galdutako mila sekretu gordetzen dituztelakoan. Gero, kontu handiz, altxorren kutxan gorde ohi ditu, urre gorria direlakoan. Beste batzuetan, ordea, denboraren poderioz basoko orbelean sustraitutako hitzak errotik atera, krak! kolpe hots batean moztu, eztiki biribilkatu, ahora eraman eta berba biribilguari sua ematen dio. Halakoetan, bakean dago gure basanderea, askea baita hitz gozoak erretzean, sutxakurrak sortzen dituenean.

 

3. Saria –Eneritz Alberdi Irastorza-


-Zoragarria, besterik ez. -Zoragarria eta kito? Ez da ohikoena bainan ederto. Jaiotza eta heriotza egunak goran? Beheran? - Ez. -Orduan, izena? -Ezta ere. -Beraz, zertxobait garestiagoa izango da. "Annos vixit", "iacet hic", " memento mori" esaldiak moldeekin egiten dira eta zuk nahi duzuna zizelkatuta. Ulertzen? -Bai, ados. -Eta? Gizon berezia izan behar zuen. -Ez dakit, ni asegurukoa bai naiz. Benjamin jaunak ez zuen senide ezagunik. Dirua eta jabetzak atzerrian duen sasi-semeari utzi eta azken nahia hau zuen: zoragarria deritzon hilarria. Bera nolakoa zen? -galdetzen didazu. Nik, zeri esaten dion zoragarria jakin nahiko nuke.

 

ELKAR Saria –Malen Maruri San Juan-


Zoragarria, besterik ez … Horrela deskribatuko nuke zurekin pasatutako une bakoitza; gogoratzen duzu ezagutu ginenekoa? 12 urte bete berri zenituen, berehala konektatu genuen eta hasieratik oso ondo moldatzen ginen elkarrekin. Zure gurasoentzako ez nintzen eredu ona, ez nintzen beraien gustukoa eta edozein aitzakia erabiltzen zuten zu zigortu eta nigandik urrun egon zintezen. Hala eta guztiz, gure harremana ez zen galdu; aitzitik, gero eta ordu gehiago pasatzen genuen bata besteari begira, zure gurasoek ez zekitenean. Pasa den astetik oso triste nago, entzun nizun esaten zuretzako ni ez nintzela nahikoa. Berehala baztertu nauzu eta popularrarekin joan zara, azken generazioko Iphone 12arekin. Xiaomi 9

 

Bosgarren edizioa 2022an abian jartzea dute helburu antolatzaileek, proiektuari segida emanez, eta idazmenean interesa dutenen talentua aurkitu eta sustatzeko asmoz.

 

Non Gaude

GIB, Entsegu Gelak eta Basozelaiko Gaztegunea
 Basozelai Kalea 11 zk. 48970 Basauri Bizkaia
Telefonoa: (+ 94 466 64 00)
WhatsApp: (+ 634 984 615)
 zirtzart@basauri.eus
San Migeleko Gaztegunea
 Gernika 60 zk. 48970 Basauri Bizkaia
Telefonoa: (+ 94 466 64 71)
 zirtzart@basauri.eus

 Basauriko Udala TTII | Pribatutasun politika

Bilatu