Entzunaldia 2017 comp

<<Guitarra eta bateria ikastaroen entzunaldia ekainaren 3an Basozelai Gizarte Etxean>>

2016/2017ko gitarra eta bateria ikastaroei amaiera emango dien entzunaldia antolatu du Basozelai Gizarte Etxeak (Basauri), datorren ekainaren 3rako (larunbata). Kultur Basauri eta ZirtZart Basauri udal zerbitzuen urte osoko jardueren parte dira aipatutako ikastaroak, musika-hezkuntzaren alorrekoak, eta musikagintzan jardunean dauden adituek zuzentzen dituzte.

11:30ean hasiko da emanaldia, eta lantaldea osatzen duten ikasleek zuzenean joko dute. Sarrera doan izango da.

Multiabentura Butronen<<Multiabentura Uribe Kostan ekainaren 18an>> 

ZirtZart Basauri Udalaren gazteria programa integralak, Kultur Basaurirekin lankidetzan, Butroera multiabentura irteera antolatu du, 12-35 urte bitarteko gazteentzat.

Irteeran zenbait abentura-kirol eskainiko zaizkie parte-hartzaileei, hasiberri mailan. Erabiltzaileak eskainitako kirol guztietan ariko dira, eta horien oinarriak ikasiko dituzte. Batetik, piraguismo librea egingo dute kanoa bikoitzetan, ur lasaien ibilbide batean zehar. Bestetik, arku errekurbatuarekin jaurtitzen ikasiko dute, 15 m-tara egongo den jomugara. 

Naturara hurbiltzeko, piraguismoaren teknika ezagutzeko, natur-inguruneaz gozatzeko eta arku-tiroan saiatzeko (kirol horren teknika eta segurtasun-neurriak ikasteko) aukera paregabea izango da. Parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute ekainaren 5a baino lehenago, Gazteentzako Informazio Bulegoan (Basozelai 11). Udalean erroldatutakoek zortzi euroko kuota ordaindu beharko dute, eta gainerakoek, berriz, hamabi. Tokien kopurua mugatua da.

Ordutegiei dagokienez, 10:30ean abiatuko da autobusa San Migeletik, eta Basaurin geldialdia egingo du 10:35ean, gutxi gora behera. Buelta: 17:25 aldera Basaurin (goizeko leku berean), eta 17:30ean San Migelen. 

Bazkaria norberak eraman beharko du (tuppera, ogitartekoa…). Gomendatzen da jantzi erosoak eta eguzkitarako krema ere eramatea.

Gazteguneak Web Mayo<<Basauriko Gazteguneetan maiatzean eskainiko den programa>>

Euskal kulturari lotutako doako jarduera sorta oparoa eskainiko du ZirtZart Basauri Gazteria Zerbitzuak maiatzeko asteburuetan, 12-17 urte bitarteko gazteentzat. Horrela, bada, zenbait tailer egongo dira Basozelaiko eta San Migeleko gazteguneetan. Ez da beharrezkoa izango izena aurretiaz ematea, eta, gehienez ere, 15 lagunek hartu ahalko dute parte tailer bakoitzean. Izena eman ahala sortuko dira taldeak. Jarraian, gure egitarauaren laburpentxoa.

Maiatzaren 6an hasiko den Euskal Astearen barruan, «Euskal Jaia» izango dugu gaztegune bietan, euskal musikak girotuta. Gainera, euskal pastela prestatzeko tailerra egongo da Basozelaiko Gaztegunean, eta talo tailerra San Migelen. Basozelaiko jaia arratsaldeko zortzietatik gaueko hamarretara izango da, eta San Migelekoa, arratsaldeko seietatik zortzietara.

 Maiatzaren 13an, arratsaldeko seietan, euskal paparrekoen tailerra egongo da Basozelain. San Migeleko Gaztegunean, berriz, txalaparta jotzen ikasteko aukera izango dute gazteek, aditu baten eskutik.

Maiatzeko hirugarren asteburuan, euskal kulturan girotutako filma eskainiko da. Maiatzaren 21ean izango da hitzordua, arratsaldeko seietan, gaztegune bietan.

Hilari amaiera emateko, errepikatu egingo ditugu paparreko eta txalaparta tailerrak. Maiatzaren 27an txalaparta izango da Basozelain, eta maiatzaren 28an, euskal paparrekoen tailerra San Migelen. Arratsaldeko seietan izango dira biak.

 

Cartel Festibas oficial comp<<«Festibas»en laugarren edizioa izango da maiatzaren 20an, eta herriko bost taldek joko dute>>

«Festibas» banden jaialdia antolatu du, laugarren urtez jarraian, ZirtZart Basauri Basauriko Udalaren gazteria-programa integralak, Kultur Basauriren eta Txantxangorri Bentako Auzo Lagunak Kultur Elkartearen laguntzarekin. Udalerriko musika taldeei, eta Basozelai Gizarte Etxean dauden entsegu-gelak erabiltzen dituzten bandei eskainitako jaialdia da «Festibas».

Maiatzaren 20an izango da hitzordua, Bentako Jaien barruan, Basauriko San Isidro plazan. Guztira, bost taldek osatuko dute kartela: Ero, Kurixe, Kaixton, Ratas Negras eta Kompromiso Antisocial. Emanaldia 21:00etan hasiko da.

Bederatzi taldek eman zuten izena, eta, horietatik, bost izan dira hautatuak zuzenean jotzeko. Bandak aukeratzerakoan, hizkuntza, taldekideen adina eta bandak aurreko edizioetan parte hartu duen ala ez hartu da kontuan.

«Festibas» Jaialdiaren xedea da herriko bandei zuzenean jotzeko aukera ematea, eta proiektu bakoitza ikusleen aurrean sustatzea jai-giroan.

<<Elortegi Anayak, Los Cosméticos eta Noga Rockein!-en finalean>>

Elortegi Anayak (Bakio), Los Cosméticos (Bilbo) eta Noga (Zarautz) izango dira «Rockein!»en bosgarren edizioko sari nagusirako hautagaiak. Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko taldeen lehiaketaren finala maiatzaren 13an (larunbata) izango da, 21:00etatik aurrera, Basauriko Social Antzokian. Sarrera doakoa izango da. Egun berean, zuzenean ariko dira Harro (Basauri/Galdakao), Kiñubak (Galdakao) eta Trastorna2 (Arrigorriaga) taldeak ere, tokiko banda onenaren saria nork eskuratuko. Beste alde batetik, finalean jakinaraziko dira euskarazko banda onenaren eta ikus-entzuleen banda gogokoenaren sariak.

Basauriko Udalak, Arrigorriagako, Galdakaoko eta Laudioko udalen laguntzarekin, antolatutako lehiaketa honek parte-hartze markak hautsi ditu berriro ere: 129 taldek eman dute izena lehiaketan parte hartzeko. Aurreko urtean 110 izan ziren izena eman zuten bandak. 2015ean, berriz, 95; 2014an, 105 izan ziren; eta 85, 2013an. Bosgarren edizio honetan izena emandako 129 taldetatik, 27 bertokoak dira, eta beste 21 lehiatuko dira euskarazko musika-talde onenaren saria eskuratzeko.

Jasotako grabazio guztietatik sei banda finalista hautatu ditu epaimahaiak. Talde horiek Social Antzokian joko dute maiatzaren 13an (larunbata).  Kontzertuaren ondoren, epaimahaiak talde irabazleak aukeratuko ditu.

Banatuko diren sarien artean, Bilboko El Tigre estudioan musika alorreko profesionalekin batera egingo den grabazioa, ekoizpena eta masterizazioa egongo da, eta Bizkaiko kontzertu-areto garrantzitsuenetako batean edota «MAZ Basauri» Jaialdian jotzeko aukera ere.

Aurtengo edizioan, ohiko sariez gain, nobedade-hobekuntza bat egon da: talde irabazleak EP profesionala grabatu ahal izango du, singlearen ordez.

Epaimahaia

  • Igone Beloki.  Basauriko Udaleko Gazteriako zinegotzia.
  • Oinaze de Losantos. Laudioko Udaleko Gazteriako teknikaria.
  • Iker Barbara.Zaratako (Mondo Sonoro) koordinatzaile nagusia.
  • Nara Pinto.Mad Cool Festivaleko kontratazio arduraduna.10 urtez Last Tour-eko kontratazio arduraduna (Bilbao BBK Live, Azkena, BIME…).
  • Joseba Vegas.Bi fm-ko edizio zuzendaria.
  • Alvaro Fierro.Musika kazetaria (Ruta 66), Kultumetria enpresako ikerketa ataleko arduraduna.
  • Jon Hervás. Panorama Club-eko fundatzailea. Programadorea, Shake (Bilbo)-ko manager-a. 

Programazioa

<<ZirtZart Basauriren agenda berria dagoeneko kalean da>>

Kaleratu berri dugun agenda (apirila-uztaila) eskuragarri duzu dagoeneko. Bertan ondorengo ekintzen inguruko informazioa topatuko duzu: Gazteguneetan 12-17 urte bitarteko gazteei zuzenduriko tailerrak; Butroera multiabentura irteera; Fewest Moves Event Lehiaketa; Rockein! Talde Lehiaketa; Festibas Jaialdia; Urban Festa; Skate Txapelketak; Jende aurrean hitz egiteko teknikak;…

Non Gaude

GIB, Entsegu Gelak eta Basozelaiko Gaztegunea
 Basozelai Kalea 11 zk. 48970 Basauri Bizkaia
Telefonoa: (+ 94 466 64 00)
WhatsApp: (+ 634 984 615)
 zirtzart@basauri.eus
San Migeleko Gaztegunea
 Gernika 60 zk. 48970 Basauri Bizkaia
Telefonoa: (+ 94 466 64 71)
 zirtzart@basauri.eus

 Basauriko Udala TTII | Pribatutasun politika

Bilatu