<<ZirtZart Basauriren agenda berria, 2020ko urtarrila eta martxoa arteko programa zerbitzuekin, dagoeneko kalean da>>

Urteko lehen agenda (urtarrila-martxoa) eskuragarri duzu dagoeneko. Bertan ondorengo ekintzen inguruko informazioa topatuko duzu: Hitz-Erdiko Kontaketak lehiaketa, Festibas, Rockein! Talde lehiaketa, ikastaroak, irteera, gazteguneetan 12-17 urte bitarteko gazteei zuzenduriko tailerrak,...

Eskuragarri Gazte Informazio Bulegoan nahiz Gazteguneetan!

Ikusgai honako LOTURA-n

<<Roots Parkea reggae jaialdiaren hamargarren edizioa Basozelai Gizarte Etxean, Ras Daniel Ray (Jamaika) musikariaren parte hartzearekin>>

Abenduaren 14an, beste urte batez, Roots Parkea reggae jaialdia hartuko du Basozelai Gizarte Etxeak. Basauriko Udalaren Gazteria Zerbitzuak, ZirtZartek, eta Arrazakeriaren Kontrako Musika kultura-elkarteak antolatu dute ekimena, Kultur Basauriren laguntzarekin. Emanaldia 20:00etan hasiko da (7 € sarrera, edaria barne), eta honako talde hauek joko dute: Ras Daniel Ray, Selektah Stepi, Salda Dago eta Aiaraldeko Sound System.

Sarrera jaialdiaren egunean bertan erosi ahalko da, Gizarte Etxean bertan. Plaza kopuru mugatua dago.

Ras Daniel Ray abeslari jamaikarra Kingstoneko kaleetan hasi zen sound system formatuko musika industrian etorkizuna eraikitzen, “Kilimanjaro Sound” kolektiboaren baitan. Bertan, besteak beste, Ninjaman, Supacat, Early B edota Shabba Ranks ere baziren kide. Aipatzekoa da zuzenekoak eskaini izan dituela Dennis Brown, John Holt eta Jahmali puntako izarrekin batera, eta Europa mailan egindako biran Beres Hammond ospetsuaren gonbidatua izan dela. Gaur egun, Erresuma Batua eta Frantzia artean bizi da eta proiektu gehienak herrialde horietan garatzen ditu.

Inor Euskal Herri mailan kultura jamaikarraz blai, hezi eta berau eskaintzeko era ulertu baldin badu, hori Selektah Stepi da. Sound system eszenaren aitzindari Euskal Herrian eta estilo hauek maite dituenarentzat derrigorrezko erreferente bihurtu da

Salda Dago abeslari plentziarrak mikroa esku artean duen unetik bertatik du buruan zein den lortu beharreko helburua: egun munduaren egoeraren inguruko kritika gordinak eskaini abestiaren bitartez, gazteleraz batez ere. Xavier aka “Zankah”; Jamaikako tradizioari helduta, erreferente bilakatu da bere letren inprobisazioa sound systemarekin nahastuz. Gaur egun 2020ko hasieran kaleratuko duen proiektu berria ekoizten dabil.

<<Basauriko gazteguneetan azaroan eskainiko diren ekintzak>>

Zirt Zart Basauri Gazteria zerbitzutik hil honetan “kontzientziaTU” gaiarekin lotutako doako zenbait jarduera eskainiko diegu 12-17 urte bitarteko gazteei. Tailerrak Basozelaiko eta San Migeleko gazteguneetan izango dira. Ez da beharrezkoa izena aurretiaz ematea, baina toki kopurua mugatua izango da. Izena eman ahala sortuko dira taldeak. Jarraian, gure egitarauaren laburpentxoa:

Birziklatu challenge-a: challenge famatu horrekin bat egin, eta auzoko kaleak garbituko ditugu.

 Filmania: hileko gaiarekin lotuta dagoen pelikula batez gozatuko dugu.

Disko Festa: dantzatzeko eta arratsalde desberdin bat pasatzeko gogorik? Basozelaiko Gizarte Etxean azaroko jairik handiena ospatzeko aukera izango duzue, jarduera bereziak eginda eta sorpresa askorekin.

TeknOFF: egun batez, teknologiak alde batera utzi, eta betiko jolasetan ariko gara.

Genero-indarkeriaren aurkako eguna: aditu baten laguntzaz, genero-indarkeriaz hausnartuko dugu, eta zer egin dezakegun aztertuko dugu.

STEAM TAILERRAK: “etxeak diseinatzeko tailerra eta Txispak ateratzeko esperimentuak” tailerrekin aurrera jarraituko dugu.

«Kuboaren Mundu Elkarteak (WCA) araututako «Basauri Open Rubik» txapelketaren hamaikagarren edizioa Ibaigane Kultur Etxean, azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean»

Azken hamarkadan izandako arrakastaren ostean bueltan da, berriro ere, «Basauri Open Rubik» txapelketa internazionala (Rubik Kuboaren Euskal Elkarteak antolatua eta Basauriko Udalaren laguntzarekin ZirtZart Gazte Zerbitzuaren bitartez). Hamaikagarren edizio hau azaroaren 30etik abenduaren 1era bitartean izango da Ibaigane Kultur Etxean. Kuboaren Mundu Elkarteak (WCA) araututako txapelketa honetan adituak, zaleak eta jakin-mina dutenak batuko dira, berriro ere.

Txapelketan parte hartzeko interesa dutenek aukera dute aldez aurretik izena emateko, txapelketaren webgunearen bitartez. Azaroaren 30ean bertan ere, lehen orduan eta txapelketa hasi aurretik, inskripzioa egiteko aukera egongo da.

Aurreko edizioetan nazioarteko zenbait marka hautsi dituzte, eta, eskualdeko talentu gazteez gain, nazioarteko jendea ere etorri da gurera. Joan den urtean 48 gaztek hartu zuten parte «Basauri Open Rubik»en. Aipatzekoa da Eder Olivencia González izan zela irabazle 3x3x3 kategoria ospetsuan (9,43 segundotan ebatzi zuen, batez beste, kuboa hiru saiakeratan).

- Ordutegia eta izen-emateak: HEMEN

<<Jailloween festa, urriak 31, Basauriko Social Antzokian>>

Prest zaudete urteko jairik beldurgarrienerako? Aurtengoa JAILLOWEEN festa ospetsuaren laugarren edizioa izango da, baina oraingoan hainbat aldaketarekin dator! Gorde ezazu urriaren 31ko arratsaldea, 19:30etik 21:30era, eta etor zaitez BASAURIKO SOCIAL ANTZOKIRA, gurekin Halloween gaua ospatzera (adi!* aurtengo jaia lekuz aldatu dugu denontzako lekua egon dadin).

Sabela hutsik etortzea gomendatzen dizuegu; izan ere, arratsaldean zehar jateko eta edatekoa izango dugu. Gainera, ZirtZart-etik konpromiso ekologikoarekiko jarrera arduratsuari eutsi nahian, hondakin plastikodunak saihestuko ditugu, eta edalontzi eta ontzi birziklagarriak erabili.

Sartzeko, sarrera edo flyer-a aurkeztu beharko duzue. Hori lortzeko, pasa zaitezte Basozelai Gizarte Etxetik edo Social Antzokitik. Sarrerak 2€-ko salneurria izango du urriaren 30a baino lehenago erosten baduzue, eta 3€-koa jai egunerako utziz gero.

Arratsaldea opariz eta sorpresaz beterik egongo da, eta eguna borobiltzeko, DJ Jaikide ariko da giroa animatuz. Zatozte, eta ekar ezazue zuen mozorro ikaragarriena! Ez ahaztu aurtengo tematika zirku beldurgarriaren jaia izango dela! Zuen zain izango gara!

<<Bueltan da «Ezagutu Korea» topaketa kulturala: urriaren 26an, Basauriko Ibaigane Kultur Etxean>>

Urriaren 26an, egun osoan zehar, Koreako kultura ardatz duen jardunaldia egingo da Basauriko Ibaigane Kultur Etxean. Batez ere gazteei zuzenduta dagoen eskaintza horretan, tailer, joko eta dantza-lehiaketaz gozatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek besteak beste. Topaketa Basauriko Udalak antolatu du, Gazteria Atalaren bitartez, Han-A Association elkartearekin batera.

Goizeko hamaiketan hasi, eta gaueko bederatziak arte luzatuko da ekimena. Antolatutako ekintzetan parte hartzeko plaza-kopuru mugatua dago. Sarrera doakoa da.

Han-A Association Espainiako estatuko zenbait kolektibok osaturiko irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta eremu horretan korear kultura sustatzea du helburu –hain zuzen ere, Hego Koreako kultura–. Euskadin zenbait ekintza eta tailer antolatzen dituzte, joko tradizionalak eta «KPOP» dantzaren erakusketak, besteak beste. Musika mota hori «Hallyu» izeneko moda korearraren gako da eta Hego Koreako kultura mundura hedatzearen korronteari lotua dago.

Egitaraua:
• «Kpop» joko eta tailerrak → 11:00 – 18:00
• Dantza-lehiaketa → 18:00 – 20:00
• Random «Kpop» → 20:00 – 21:00

Gazteguneak Web urria 2019<<Basauriko gazteguneetan urrian eskainiko diren ekintzak>>

Zirt Zart Basauri Gazteria zerbitzutik hil honetan “SorTU” gaiarekin lotutako doako zenbait jarduera eskainiko diegu 12-17 urte bitarteko gazteei. Tailerrak Basozelaiko eta San Migeleko gazteguneetan izango dira. Ez da beharrezkoa izena aurretiaz ematea, baina toki kopurua mugatua izango da. Izena eman ahala sortuko dira taldeak. Izartxo batez (*) markaturik agertzen diren ekintzetan aurretik eman behar da izena. Jarraian, gure egitarauaren laburpentxoa:

  • *Youtubeskolak: youtubeko kanala sortu eta kudeatzen ikasteaz gain, tailerreko partaideek aukera izango dute bideoak grabatu eta editatzeko. 13-16 urte bitarteko gazteei zuzenduriko doako programa da.
  • Makrojenga eta mikado jolasak: ezin duzu galdu Basaurin egingo dugun lehenengo jenga erraldoi eta mikado txapelketa.
  • Papercraft tailerra: izugarrizko eskulturak sortuko ditugu, papera erabiliz.
  • *Etxeak diseinatzeko tailerra: mugarik gabe! Guztientzako etxeak diseinatuko ditugu. 14-17 urte bitarteko gazteei zuzenduriko doako programa da.
  • Stop motion tailerra: zeure filmak egin nahi dituzu? Horretarako aukera izango duzu teknika erraz eta dibertigarri honen bitartez eta adituen laguntzaz.
  • *Txispak ateratzeko esperimentuak: esperimentuak egingo ditugu suarekin eta erregaiekin, ingeniari espezializatu baten laguntzaz. 14-17 urte bitarteko gazteei zuzenduriko doako programa da.
  • JAILLOWEEN: ezin duzu galdu urteko jai beldurgarriena. Aurten Social Antzokira mugituko gara eta hainbat sorpresa eta aldaketa izango ditugu. Ausartuko zara etortzen?

<<Skate txapelketa Basauriko San Migelen, urriaren 5ean, jaietarako programatu diren adin guztietarako ekintzen osagarri gisa>>

Urriaren 5ean Skate Txapelketa izango da San Migelen laugarren urtez jarraian. Aurtengoan lehiaketa honen antolatzaileek, hots, Basauriko udala ZirtZart gazte zerbitzuaren bitartzez Basauriko Skate Elkartearekin batera txapelketa atzeratzea adostu dute ekitaldia auzoko jaien ospakizunekin batera eskaini ahal izateko asmotan.

Txapelketa Taberna Nagusiaren ondoko pistan izango da arratsaldeko 16:00etatik aurrera. Bi kategoria izango dira:
• Sub12: 16:00 – 18:00
• Open: 18:00 – 21:00
*Ordutegian aldaketak izan daitezke parte-hartzaile kopuruaren arabera.

Sariei dagokienez, parte-hartzaileek kirol materiala eta bestelako sariak irabazteko aukera izango dute. Ekitaldiaren egunean bertan eman ahalko da izena. Sub12 kategorian, bestalde, nahitaez erabili beharko dira kaskoa eta babesak.

<<ZirtZart Basauriren agenda berria, iraila eta abendua arteko programa zerbitzuekin, dagoeneko kalean da>>

Urteko hirugarren agenda (iraila-abendua) eskuragarri duzu dagoeneko. Bertan ondorengo ekintzen inguruko informazioa topatuko duzu: Hitz-Erdiko Kontaketak lehiaketa (3.deialdia), Skate Txapelketa, Ezagutu Korea topaketa, Basauri Open Rubik lehiaketa, Roots Parkea musika jaialdia, ikastaroak, irteera, gazteguneetan 12-17 urte bitarteko gazteei zuzenduriko tailerrak, Gabon Gazte...

Eskuragarri Gazte Informazio Bulegoan nahiz Gazteguneetan!

Ikusgai honako LOTURA-n

Non Gaude

GIB, Entsegu Gelak eta Basozelaiko Gaztegunea
 Basozelai Kalea 11 zk. 48970 Basauri Bizkaia
Telefonoa: (+ 94 466 64 00)
WhatsApp: (+ 634 984 615)
 zirtzart@basauri.eus
San Migeleko Gaztegunea
 Gernika 60 zk. 48970 Basauri Bizkaia
Telefonoa: (+ 94 466 64 71)
 zirtzart@basauri.eus

 Basauriko Udala TTII | Pribatutasun politika

Bilatu