Festibas Oharra Aviso<<Festibas, Basauriko musika taldeen jaialdia, atzeratuta COVID-19aren eraginez>>

• Maiatzaren 9an ospatzekoa zen, baina alarma-egoera dela eta atzeratu egin da.
• Antolakuntzak, denera, jaialdian parte hartzeko hamar inskripzio jaso ditu.

Bentako Jaien egitarauan finkaturiko musika jaialdi hau, maiatzaren 9an eskaintzekoa zena gaueko bederatzietatik aurrera, atzeratzea adostu dute antolatzaileek (ZirtZart Basauri, Basauriko Udalaren gazteria-programa eta Txantxangorri Bentako Auzo Lagunak Kultur Elkartea, hurrenez hurren). Horiek, egungo konfinamendu-neurrien eta ekitaldi jendetsuak antolatzearen inguruko ezintasunaren eraginez hartu dute erabakia. Egun, eta krisialdiaren eboluzioaren arabera, 2020an jaialdia ospatzeko data berria finkatu eta iragartzeko lanetan dabiltza antolatzaileek, kontuan izanik erabateko segurtasun-bermea mantentzea izan behar dela oinarri.

Denera musika jaialdian parte hartzeko hamar inskripzio jaso ditu antolakuntzak, eta horien artetik hautatuko dituzte programatu nahi den egitarau berrian. Aurtengoa zazpigarren edizioa da (Bentako jaien barneko seigarrrena), eta helburu nagusi du herriko taldeei zuzenean jotzeko aukera ematea, eta jai-giroan proiektu bakoitza ikusleen aurrean sustatzea.

Oharra Aviso<<Rockeinek bere parte-hartze marka gainditu du bosgarren urtez jarraian, eta finala atzeratu du Covid-19a dela eta>>

  • Behin alarma egoera bukatuta, izena emateko epea zabalduko dute berriz ere antolatzaileek. 24 egunez luzatuko da, eta orain arte jasotakoei erantsiko zaizkie izangai berriak
  • Publikoaren saria hautatzeko online bozketak izen-ematearen bigarren txanda itxitakoan hasiko dira

Basauriko Udalak Arrigorriagako, Galdakaoko eta Laudioko Udalen laguntzarekin antolatzen duen Rockein musika lehiaketak bere parte-hartze marka gainditu du, bosgarren urtez jarraian: oraingoz, 156 artistak eman dute izena. Horietako 21ek, gutxienez, taldekideetako bat aipaturiko lau udalerrietako batean erroldatuta dute; eta 18 dira euskarazko artista onenaren saria irabazteko hautagaiak. Gogora dezagun Rockein Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako talde zein bakarlariei zuzenduriko musika lehiaketa dela.

Dena dela, antza, zifra horiek ez dira behin betikoak izango. Izan ere, joan den martxoaren 14tik indarrean dagoen alarma-egoera amaitzen denean, antolatzaileek izena emateko bigarren epe bat zabalduko dute: 24 egunez luzatuko da, eta orain arte jasotakoei erantsiko zaizkie hautagai berriak. Epe berria martxoaren 14tik apirilaren 6ra egongo da zabalik (berez, hilaren 6an amaitzen zen epea), eta salbuespenezko alditzat hartuko da, lehiaketaren zortzigarren edizioan izena eman nahi duen artistaren batek eragozpenak izan baditu.

Izena emateko bigarren epe horren eraginez, ikus-entzuleen saria hautatzeko online bozketak epe horren amaierara arte atzeratuko dira, baita finalera igaroko diren proposamenak izendatzeko epaimahaiaren erabakia ere.

Alarma-egoeraren ondorioz eta Covid-19aren hedapena geldiarazteko prebentzio-neurri gisa hartutako beste erabaki bat izan da Rockeinen finala atzeratzea —maiatzaren 22an egin behar zen, Basauriko Social Antzokian—. Behin alarma-egoera amaituta eta baldintza orokorrek publikoarentzat, artistentzat eta langileentzat erabateko segurtasun-bermea eskaintzen duenean iragarriko du antolakuntzak finalerako data berria.

Azala 2 2020<<ZirtZart Basauriren agenda berria, 2020ko apirila eta uztaila arteko programa zerbitzuekin, dagoeneko kalean da>>

Urteko bigarren agenda (apirila-uztaila) eskuragarri duzu dagoeneko. Bertan ondorengo ekintzen inguruko informazioa topatuko duzu: Festibas musika jaialdia, Rockein! talde lehiaketaren finala, skate txapelketak, Urban Festa, irteerak, gazteguneetan 12-17 urte bitarteko gazteei zuzenduriko tailerrak,... Bizi ari garen egoera medio posiblea da eskaintzear ditugun programetan modifikazioak egotea, beraz, adi egon. Aldaketak baldin badira, jakinaren gainean jarriko zaituztegu, informaturik egon zaitezen! 

Indarra eta kemena, #EtxeanGeratu

Ikusgai honako LOTURA-n

nireleihotikkartela bueno#NIRELEIHOTIK Challenge

Igarotzen ari garen egoera dela eta, denboraldi batez etxean geratu behar garenez, leihotik ikusten dugun irudia marraztea proposatzen dizuegu. Horrekin, momentu atsegin bat sortu nahi dugu etxean gauden bitartean, eta guztion artean, besteen kaleetako irudiak ikustea eta ez bakarrik gure egunerokoak. Jasotzen ditugun marrazki guztiekin, hau guztia pasa ostean, erakusketa bat sortuko dugu Basauriko gazteguneetan.

Erronka: argazki bat atera zure leihotik, hori eginda marrazkia egin, eta ostean, #NireLeihotik traola jarri eta gurekin partekatu (@zirtzartbasauri). Hori egiteko folio eta arkatz bakar bat nahikoak dira, baina nahi duzun materiala erabil dezakezu (kartulinak, mihisea, errotulkiak, margoak, ordenagailua...).

Laguntzarik bai? Argazkia ateratzean, ordenagailura pasatu edo tabletara. Gero gainean folioa jarri eta kalkoa egin. Edonork parte hartu dezake!

#ZIRTZARTETXEANGERATU

Ez dakigu zenbat luzatuko den koarentena hau, horregatik, gazteak ezin badira gaztegunera etorri, gaztegunea haien etxeetara eramango dugu. Larunbatero 18:00etan (betiko ordutegian) jarduera bat egingo dugu zuekin batera instagram aplikazioaren bitartez.
Jarduera bakoitza astean zehar aurkeztuko dugu sare sozialen bitartez.

• Martxoak 28: “MEZU POSITIBOAK” erabiliz.
Gela apaintzeko irudi politak sortuko ditugu etxean daukagun materialarekin. Egon adi instagramera, eta denok batera sortuko dugu!

• Apirilak 4: zineforum-a “Cadena de favores”.
Hemen daukazue LINKA filma ikusi ahal izateko; horrez gain, astean zehar linka aurkituko duzue gure sare sozialetan eta web orrialdean. Bukatzeko, apirilaren 4an, jarduerakegingo ditugu filma komentatzeko eta lantzeko guztion artean.

• Apirilak 11: “real fooding” errezeta.
Astean zehar materialak prestatzeko eskatuko dizuegu eta apirilaren 11n, errezeta goxo eta osasuntsu bat egingo dugu zuekin batera instagram aplikazioa bitartez.

• Apirilak 18: Zirtzarteko 2. Kahoot lehiaketa.
Lehenengo kahoot lehiaketaren harrera ona ikusita, bigarren zatia egingo dugu. Martxoaren 24tik 31ra, aukera izango duzue galderak proposatzeko eta gure kahoot-a sortzeko. Hau behin eginda, apirilaren 16 arte denbora izango duzue parte hartzeko, sare sozialetan ematen ditugun pausuak jarraituz. Eta 18an, Instagram live bitartez, kahoot-aren irabazlea aurkeztuko dugu (sari bat izango du).

<<Basauriko gazteguneetan martxoan eskainiko diren ekintzak>>

Zirt Zart Basauri Gazteria Zerbitzutik, hil honetan «EMAKUMEEN HILABETEA» gaiarekin lotutako doako zenbait jarduera eskainiko dizkiegu 12-17 urte bitarteko gazteei. Tailerrak Basozelaiko eta San Migeleko gazteguneetan izango dira. Ez da beharrezkoa izena aurretiaz ematea, baina toki kopurua mugatua izango da. Izena eman ahala sortuko dira taldeak. Jarraian, gure egitarauaren laburpentxoa:

  • Emakumeen (Nazioarteko) Eguna: M8a elkarrekin ospatuko dugu, berdintasunaren bidea elkarrekin sortuz.
  • Lettering feminista: Teknika berri hori erabilita, akuarelekin mezu feministak sortzen ikasiko dugu.
  • Barreterapia: Aurten poztasunaren eguna behar den moduan ospatuko dugu. Nola? Barre eginez.
  • City jump irteera: City Jump aisialdiko parkera joango gara, eta, bertan, salto egiteko aukera izango duzue, inoiz imajinatu ez bezala.

<<Gorde ezazu otsailaren 23ko arratsaldea, 19:30etik 21:30era, eta etor zaitez Basauriko Social Antzokira gurekin Karnabas jaia ospatzera>>

Sabela hutsik etortzea gomendatzen dizuegu; izan ere, arratsaldean zehar jatekoa eta edatekoa izango dugu. ZirtZart-etik konpromiso ekologikoarekin jarrera arduratsua izateko nahian, hondakin plastikodunak saihestuko ditugu edalontzi eta ontzi organikoak erabiliz, aurreko jaietan bezala.

Sartzeko, sarrera edo flyer-a aurkeztu beharko duzue. Hori lortzeko, pasa zaitezte Basozelai Gizarte Etxetik edo Social Antzokitik otsailaren 2tik aurrera. Sarrerak 2€-ko salneurria izango du otsailak 20a baino lehenago erosten baduzue, eta 3€-koa jai egunerako utziz gero.

Arratsaldea opariz eta sorpresaz beterik egongo da eta eguna borobiltzeko, DJ Jaikide ariko da giroa animatuz. Zatoz, eta ekar ezazu zure mozorro ikaragarriena! Ez ahaztu aurtengo tematika Stranger Things jaia izango dela! Zure zain izango gara!

<<Rockein musika lehiaketak artista berriak bilatuko ditu Euskadin eta Nafarroan zortzigarren urtez jarraian>>

  • Izena emateko epea apirilaren 6ra arte egongo da zabalik eta finala maiatzaren 22an ospatuko da Basauriko Social Antzokian.
  • 2019an kategoria nagusiko irabazle izan zen Sara Zozayak prentsaurrekoan aurkeztu ditu sariari esker argitaratutako EPa eta bideoklipa.
  • 2013an ospatu zen lehen edizioaz geroztik Rockeinen parte-hartze datuak %70 igo dira, eta iaz 146 artistek eman zuten izena.

Zortzigarren urtez jarraian, Basauriko Udalak Rockein musika lehiaketa iragarri du, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako bakarlari zein taldeei zuzendua. Basauriko Udalak Arrigorriagako, Galdakaoko eta Laudioko Udalekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean antolatzen du sariketa hau.

“Parte-hartze datuek ez dute azalpen handirik behar: Rockein erreferente moduan kokatzen dute Euskal Herri mailako gisa honetako lehiaketen panoraman. Baina, horrekin batera, parte hartzen duten proiektuek gero eta maila hobea dutela ere nabarmendu nahi genuke. Sara Zozayarena dugu horren adibiderik garbiena: etorkizun handiko artista, dagoeneko zeresana eman duena. Rockeinek MAZ Basaurirekin, grabaketa estudioekin, komunikabideekin eta beste hainbat erakunderekin dituen aliantzei esker, talentua duten artistei profesionalizazioranzko bidea irekitzen laguntzen die", azaldu du prentsaurrekoan Asier Iragorrik, Basauriko alkateak.

Rockein sariketan izena emateko epea apirilaren 6ra arte egongo da zabalik. Jasotako proposamen guztien artetik sei finalista hautatuko ditu sektoreko profesionalek osaturiko epaimahai batek, eta finalista horiek Basauriko Social Antzokian joko dute maiatzaren 22an. Epaimahaiak gau horretan bertan hartuko du erabakia eta 2020ko edizioko irabazleak zein diren jakinaraziko du.

Sariak honakoak izango dira, besteak beste: EP baten (gutxienez bost abesti) grabaketa, ekoizpena, masterizazioa eta diseinu grafikoa; bideoklip baten produkzioa eta MAZ Basauri jaialdian jotzeko aukera.

Laugarren urtez jarraian, 2019an parte-hartze markak hautsi zituen Rockeinek: 146 parte-hartzailek eman zuten izena (horietatik 25ek gutxienez taldekide bat Basaurin, Galdakaon, Arrigorriagan edo Laudion erroldatua zuten) eta Social Antzokiko finala ikustera 270 lagun gerturatu ziren. 2013an ospatu zen lehen edizioaz geroztik, sariketa honen parte-hartze datuak %70 igo dira.

Iazko edizioaren irabazleak, Sara Zozaya donostiarrak, gaurko prentsaurrekoan aurkeztu ditu sariari esker argitaratutako lanak: bost abestiz osatutako '(I)' EPa eta 'Bat' abestiaren bideoklipa, Rockeinen sare sozialetan dagoeneko ikusgai dagoena. Sara Zozayak zein 2019ko edizioko beste irabazleek (Dukkha, Cäctus eta Samoah -azken horiek Meridianen ordez, agenda arazoengatik bertan izaterik ez dutelako) 2020ko MAZ Basauri jaialdian joko dute.

OINARRIAK - IZENA EMATEKO ORRIA

Non Gaude

GIB, Entsegu Gelak eta Basozelaiko Gaztegunea
 Basozelai Kalea 11 zk. 48970 Basauri Bizkaia
Telefonoa: (+ 94 466 64 00)
WhatsApp: (+ 634 984 615)
 zirtzart@basauri.eus
San Migeleko Gaztegunea
 Gernika 60 zk. 48970 Basauri Bizkaia
Telefonoa: (+ 94 466 64 71)
 zirtzart@basauri.eus

 Basauriko Udala TTII | Pribatutasun politika

Bilatu