<<Bueltan da «Ezagutu Korea» topaketa kulturala: urriaren 26an, Basauriko Ibaigane Kultur Etxean>>

Urriaren 26an, egun osoan zehar, Koreako kultura ardatz duen jardunaldia egingo da Basauriko Ibaigane Kultur Etxean. Batez ere gazteei zuzenduta dagoen eskaintza horretan, tailer, joko eta dantza-lehiaketaz gozatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek besteak beste. Topaketa Basauriko Udalak antolatu du, Gazteria Atalaren bitartez, Han-A Association elkartearekin batera.

Goizeko hamaiketan hasi, eta gaueko bederatziak arte luzatuko da ekimena. Antolatutako ekintzetan parte hartzeko plaza-kopuru mugatua dago. Sarrera doakoa da.

Han-A Association Espainiako estatuko zenbait kolektibok osaturiko irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta eremu horretan korear kultura sustatzea du helburu –hain zuzen ere, Hego Koreako kultura–. Euskadin zenbait ekintza eta tailer antolatzen dituzte, joko tradizionalak eta «KPOP» dantzaren erakusketak, besteak beste. Musika mota hori «Hallyu» izeneko moda korearraren gako da eta Hego Koreako kultura mundura hedatzearen korronteari lotua dago.

Egitaraua:
• «Kpop» joko eta tailerrak → 11:00 – 18:00
• Dantza-lehiaketa → 18:00 – 20:00
• Random «Kpop» → 20:00 – 21:00

Gazteguneak Web urria 2019<<Basauriko gazteguneetan urrian eskainiko diren ekintzak>>

Zirt Zart Basauri Gazteria zerbitzutik hil honetan “SorTU” gaiarekin lotutako doako zenbait jarduera eskainiko diegu 12-17 urte bitarteko gazteei. Tailerrak Basozelaiko eta San Migeleko gazteguneetan izango dira. Ez da beharrezkoa izena aurretiaz ematea, baina toki kopurua mugatua izango da. Izena eman ahala sortuko dira taldeak. Izartxo batez (*) markaturik agertzen diren ekintzetan aurretik eman behar da izena. Jarraian, gure egitarauaren laburpentxoa:

  • *Youtubeskolak: youtubeko kanala sortu eta kudeatzen ikasteaz gain, tailerreko partaideek aukera izango dute bideoak grabatu eta editatzeko. 13-16 urte bitarteko gazteei zuzenduriko doako programa da.
  • Makrojenga eta mikado jolasak: ezin duzu galdu Basaurin egingo dugun lehenengo jenga erraldoi eta mikado txapelketa.
  • Papercraft tailerra: izugarrizko eskulturak sortuko ditugu, papera erabiliz.
  • *Etxeak diseinatzeko tailerra: mugarik gabe! Guztientzako etxeak diseinatuko ditugu. 14-17 urte bitarteko gazteei zuzenduriko doako programa da.
  • Stop motion tailerra: zeure filmak egin nahi dituzu? Horretarako aukera izango duzu teknika erraz eta dibertigarri honen bitartez eta adituen laguntzaz.
  • *Txispak ateratzeko esperimentuak: esperimentuak egingo ditugu suarekin eta erregaiekin, ingeniari espezializatu baten laguntzaz. 14-17 urte bitarteko gazteei zuzenduriko doako programa da.
  • JAILLOWEEN: ezin duzu galdu urteko jai beldurgarriena. Aurten Social Antzokira mugituko gara eta hainbat sorpresa eta aldaketa izango ditugu. Ausartuko zara etortzen?

<<Skate txapelketa Basauriko San Migelen, urriaren 5ean, jaietarako programatu diren adin guztietarako ekintzen osagarri gisa>>

Urriaren 5ean Skate Txapelketa izango da San Migelen laugarren urtez jarraian. Aurtengoan lehiaketa honen antolatzaileek, hots, Basauriko udala ZirtZart gazte zerbitzuaren bitartzez Basauriko Skate Elkartearekin batera txapelketa atzeratzea adostu dute ekitaldia auzoko jaien ospakizunekin batera eskaini ahal izateko asmotan.

Txapelketa Taberna Nagusiaren ondoko pistan izango da arratsaldeko 16:00etatik aurrera. Bi kategoria izango dira:
• Sub12: 16:00 – 18:00
• Open: 18:00 – 21:00
*Ordutegian aldaketak izan daitezke parte-hartzaile kopuruaren arabera.

Sariei dagokienez, parte-hartzaileek kirol materiala eta bestelako sariak irabazteko aukera izango dute. Ekitaldiaren egunean bertan eman ahalko da izena. Sub12 kategorian, bestalde, nahitaez erabili beharko dira kaskoa eta babesak.

<<ZirtZart Basauriren agenda berria, iraila eta abendua arteko programa zerbitzuekin, dagoeneko kalean da>>

Urteko hirugarren agenda (iraila-abendua) eskuragarri duzu dagoeneko. Bertan ondorengo ekintzen inguruko informazioa topatuko duzu: Hitz-Erdiko Kontaketak lehiaketa (3.deialdia), Skate Txapelketa, Ezagutu Korea topaketa, Basauri Open Rubik lehiaketa, Roots Parkea musika jaialdia, ikastaroak, irteera, gazteguneetan 12-17 urte bitarteko gazteei zuzenduriko tailerrak, Gabon Gazte...

Eskuragarri Gazte Informazio Bulegoan nahiz Gazteguneetan!

Ikusgai honako LOTURA-n

<<Uda Gazte, ekainaren 24tik 29ra, 12-15 urte bitarteko gazteei zuzenduriko eskaintza berezia>>

Urtero bezala, uda honetan 12-15 urte bitarteko gazteei UDA GAZTE programa eskainiko diegu Basozelai eta San Migeleko gazteguneetan, ekainaren 24tik 29ra, goizeko 11:00etatik 13:00etara.

Egun horietan hainbat jarduera egingo ditugu gaztegunean zein gaztegunetik kanpo, hala nola, abentura-jolasak mendian, eskulanak, bubble futbol famatua… eta askoz gehiago. Ezin duzue galdu!

Plazak mugatuak dira, eta parte hartu nahi duten gazteek maiatzaren 31tik ekainaren 17ra eman beharko dute izena.

<<Ekainaren 15ean, Basaurin, «Urban Festa»ren zortzigarren edizioa ospatuko da, grafitia ardatz duela. Tailerrak eta zuzeneko musika ez dira faltako>>

Ekainaren 15ean Urban Festa jaialdia ospatuko da Basozelai Gizarte Etxean, ZirtZart Basaurik antolatua –Basauriko Udalaren Gazteria programaren baitan- eta Kultur Basauriren laguntzarekin. Grafiti arte-lanetan aditu andana batzen dituen eskaintza horrek zortzi urte beteko ditu aurtengoan, eta ohiko erakusketaz gain, tailerrak eta zuzeneko musika ere ez dira faltako.

Goizeko hamaiketan emango zaio hasiera jardunaldiari, grafiti erakusketan parte hartuko duten berrogei lagun ingururen lehen zirriborroekin batera. Eguerdi aldera, profesional adituen gidaritzapean grafiti eta serigrafia ikastaroak eskainiko dira. Doako eskaintza honetan edonork har dezake parte; hala ere, plaza kopuru mugatua dagoela esan beharra dago.

Egunean zehar Profesor G musikaria zuzenean arituko da grafiti erakusketa girotzen, eta arratsaldean «Control de Plagas» eta «Jon Manteka´s Army» hardcore taldeen zuzenekoez gozatzeko aukera izango du publikoak.
Ohitura bihurtu den legez, «Batalla de Stylos» txapelketarekin emango zaio amaiera jardunaldiari. Binaka jokaturiko lehiaketa honetan, parte hartzaileek denbora tarte laburra izango dute espray botea esku hartean dutelarik diseinurik erakargarriena margotzeko. Asko bidean geratuko dira eta bakar batek lortuko du garaipena lortzea.

*Egitarau osoa doakoa da, eta beraz, publikoak ez du inolako sarrerarik ordaindu behar izango. Tailer nahiz zuzeneko emanaldien plaza kopurua mugatua izango da.

• Programazioa:
→Grafiti erakusketa: 11:00 – 20:00
→Grafiti eta Serigrafia tailerrak: 13:00
→Zuzenekoak: «Control de Plagas» + «Jon Manteka´s Army» 17:00
→«Batalla de Stylos» txapelketa: 20:00

<<Gitarra eta bateria ikastaroen entzunaldia ekainaren 1ean, Ibaigane Kultur Etxean>>

2018/2019ko gitarra eta bateria ikastaroei amaiera emango dien entzunaldia eskainiko da ekainaren 1ean (larunbata). Ikastaro horiek Kultur Basauri eta ZirtZart Basauri udal zerbitzuen urte osoko jardueren parte dira, musika-hezkuntzaren alorrekoak, eta musikagintzan diharduten adituek zuzentzen dituzte. Aurtengoan, iazko arrakastaren ostean, entzunaldia Ibaigane Kultur Etxean izango da berriz ere.

11:30ean hasiko da emanaldia, eta lantaldea osatzen duten ikasleek zuzenean joko dute. Sarrera doan izango da. Plaza kopuru mugatua dago.

<<Ekainaren 16an Sopuerta Abenturara goaz!>>

Zirt Zart Basauri Gazteria zerbitzuak, Kultur Basaurirekin elkarlanean, Sopuerta Abenturarako irteera antolatu du, 12 eta 35 urte bitarteko gazteentzat.

Sopuerta Abentura arbolen arteko zirkuito parkea da. Inguru naturalaz gozatzeko modu ezin hobea da, altuera desberdinetan zintzilikatutako ibilbide batzuk jarraituz eta hainbat zirkuitu erakargarri eginez. Bukatutakoan, parketik gertuko gune batean bazkalduko dugu elkarrekin.

Ordutegiei dagokienez, San Migeleko gazteek goizeko 10:00etan hartuko dute autobusa BBK aurreko autobus geltokian Basaurira joateko. Buelta, toki berean izango da arratsaldeko 17:00etan. Basauriko gazteak goizeko 10:10ean egon behar dira udaletxearen aurreko autobus geltokian (bertan egongo dira begiraleak). Denok elkartu ostean, autobusa hartuko dugu. Itzulera arratsaldeko 16:50ean izango da, leku berean.

Jarduera horretarako janaria eraman beharko dute parte-hartzaileek (ogitartekoa, tupper-a…). Arropa eta oinetako erosoak eramatea beharrezkoa izango da.

Plazak mugatuak dira, eta izena emateko azken eguna ekainaren 6a izango da.

<<Basauriko gazteguneetan maiatzean eskainiko diren ekintzak>>

Zirt Zart Basauri Gazteria zerbitzutik hil honetan “EUSKALBAS” gaiarekin lotutako doako zenbait jarduera eskainiko diegu 12-17 urte bitarteko gazteei. Tailerrak Basozelaiko eta San Migeleko gazteguneetan izango dira. Ez da beharrezkoa izena aurretiaz ematea, baina toki kopurua mugatua izango da. Izena eman ahala sortuko dira taldeak. Jarraian, gure egitarauaren laburpentxoa:

Billar lehiaketa: gazteek billarrean dituzten gaitasunak erakusteko aukera izango dute Basozelaiko lehiaketa honetan.

Filmania: hileko gaiarekin lotuta dagoen pelikula batez gozatuko dugu.

Euskal Jaia: dantzatzeko eta arratsalde desberdin bat pasatzeko gogorik? Basozelaiko Gizarte Etxean euskal astea ospatzeko aukera izango duzue, jarduera bereziak eginda eta euskal musika tradizionala entzunda.

Bertso tailerra: Euskal Astea dela eta, bertsolaritzaren oinarriak ikasteko aukera paregabea izango duzue gure herriko gazteguneetan.

Euskal Hologramak: euskal gaiekin zerikusia daukaten hologramak sortuko ditugu. Ez ahaztu zure mugikorra!

Non Gaude

GIB, Entsegu Gelak eta Basozelaiko Gaztegunea
 Basozelai Kalea 11 zk. 48970 Basauri Bizkaia
Telefonoa: (+ 94 466 64 00)
WhatsApp: (+ 634 984 615)
 zirtzart@basauri.eus
San Migeleko Gaztegunea
 Gernika 60 zk. 48970 Basauri Bizkaia
Telefonoa: (+ 94 466 64 71)
 zirtzart@basauri.eus

 Basauriko Udala TTII | Pribatutasun politika

Bilatu