
HITZ ERDIKO KONTAKETAK
«Hitz-Erdiko Kontaketak» euskarazko ipuin laburren lehiaketak 233 proposamen jaso ditu aurten, 8.edizioan
- Zortzigarren edizio honetako irabazleak:
- Lier Alvarez Palacios (Arrigorriaga, 1.Saria), Xabat Irazabal Lopez (Gernika, 2.Saria) eta Aroa Elortza Payros (Bergara, 3.Saria)
- Elorri Argüeso Gundin (Bilbao, Elkar Saria) eta Zuriñe León Sánchez (Basauri, Basauri Saria)
«Erabaki ona hartu ote nuen?». Lehiaketako antolatzaileek aurreko esaldi hasiera proposatu zuten parte hartzaileek jarraipena emateko, eta gehienez ehun hitzeko kontaketa bat idazteko euskaraz. Zortzigarren edizio hau 2025eko urtarriletik martxora egin da eta 233 proposamen jaso dira.
Lehiaketa Basauriko Udalaren ZirtZart Gazte Zerbitzuak antolatzen du, Geuria Hego Uribeko herri komunikabidearen eta Elkar Euskal Kulturgintzaren laguntzarekin.
Bost kontakizun izan dira sarituak: «1. sailkatua», 200 euroko saria; «2. sailkatua», 150 eurokoa ; «3. sailkatua», 100 eurokoa ; «Elkar saria» —adingabeei zuzendua—, 150 euroko saria; eta «Basauri saria» —herrian erroldatutakoei zuzendua—, 150 euroko saria. Horrez gain, Hego Uribe eskualdeko Geuria aldizkarian argitaratuko dira lehen bi sailkatuen ipuinak eta, Elkar eta Basauri sarituen ipuinak.
Azkenik, liburuxka berezia sortu da jasotako kontaketa batzuekin; bertan bost irabazleak daude, besteak beste. Ale kopuru mugatua dago eskuragarri Basauriko Gazte Informazio Bulegoan, eta baita Elkar dendan ere. Doan.
Hona hemen proposamen irabazleak:
1. Saria · Lier Alvarez Palacios (Arrigorriaga)
Erabaki zuzena hartu ote nuen? Galdetu zidan bere azkenengo ezbaiari erantzuna aurkitu nahian, lasai joateko itxaropenez. Gaur ere ez dakit erantzun ona eman diodan. Agian horretan datza bizitza, gure iraganeko jarrerek eta erabakiek, baita hutsalenek ere, gure egunerokotasunean sutsuki baitiraute. Nork daki, agian egun hartan beste bide bat hartu behar izan zenuen, aurrerapausoa eman. Gauza da, zoritxarrez edo zorionez, hartutako bideak aldaezinak direla honezkero, eta horiexek direla orain zaren pertsona eraiki dutenak. Izan zaren guztia zure erabakiei zor diezu, harro egon behar zara zarenaz. Hori guztia azaltzeko denborarik ez zegoen bere azkenengo une horretan, haren begien distira histen zihoan gutxinaka. 'Beti gogoan eramango zaitut, aitite'
2. Saria · Xabat Irazabal Lopez (Gernika)
Erabaki zuzena hartu ote nuen? Buruari eragin nion egun eta gau, periodikoki, maitasunaren triangelu zuzenean geratuko nintzenentz ezin jakin. Buruhausteak gorabehera, matematikako klasean nintzen, pentsakor, eskuinean Xabi eta aurrean Yone. Hirurak batera, elkarri begira, gure maitasunaren indarrari irmo eusten genion. Halere, hiruki maitemindua neurtzeko lanabes trigonometria, hasi nintzen erantzun bila. Yone zen sin(y) eder-xarmant bezain sentibehera eta Xabi cos(x), argi nahiz puska on. Euren artean ni, tan(xy), baina baztergarri senti, molda baitzitezkeen ni barik. Beraz, hartu nuen konplexuena erabaki. Ekuaziotik irten nintzen, bihotzez intziri Xabik eta Yonek bat egin zezaten sin2(yx) cos2 (xy) 1 .
3. Saria Aroa Elortza Payros (Bergara)
Erabaki zuzena hartu ote nuen? Badakit niregatik arduratzen zinatelako gomendatu zenidatela beste ikasketa batzuk egiteko, baina nire bizitza zen, eta da eta ondorioz, neronek hartu beharreko erabakia. Baliteke urte batzuk barru erabakiaz damutu izana, baina gaur, behintzat, zoriontsu naiz, gure arteko harremana galtzea eragin arren. Hala ere, azken boladan jabetu naiz agian ez zela horrenbeste nirekiko ardura, zuen itxurarena baizik. Nola izango litzateke, bada, herriko medikuaren alaba soinu teknikaria? Guraso biak doktoreak, bata katedraduna gainera, eta alaba erdi mailako ziklo bat egiten? Noizbait nire bizipozaz arduratu izan bazinete, jabetuko zinateketen patrika txanponez bete baino, beti nahiago izan dudala belarriak musikaz betetzea.
ELKAR Saria · Elorri Argüeso Gundin (Bilbao)
Erabaki zuzena hartu ote nuen? Ez nintzen ospitalera joan eta ez nituen aititeren azken hitzak entzun. Horma zuridun gela arrotzean etzanda ikustea gogorregia egingo zitzaidala esan zidaten gurasoek, eta kasu egin nien. Azken aldiz elkarrekin egon ginenekoa gogoan dut auzoko bankuan eserita geundela elkarrizketa mutua izan genuen, hitz gutxiko gizona zela esan ohi du aitak. Akaso noizbehinka nire ondoan esertzen da bertara itzultzen naizenean eta, horrela bada, espero dut malkoaz batera ateratzen zaidan irribarre lotsatia antzemango didala. Aititerekin dudan azken oroitzapena bankuan emandako besarkada izatea erabaki nuen. Besarkada isil eta atsegin bat, aitite bera bezalakoa.
BASAURI Saria · Zuriñe León Sánchez (Basauri)
Erabaki zuzena hartu ote nuen? Galdera hori ezin nuen burutik kendu, Bartzelonako kaleetan bueltaka nengoela nire alabaren eskua helduta alde batean eta maleta bat arrastaka bestean nituela. Bizkaia faltan bota nuen jada, eta negar egiteko nahiak ia ezin eutsi nebilen nire familia eta lagunak atzean utzi nituela pentsatzean. Hala ere, duela urte asko ez nintzen zoriontsu. Etxetik kanpo familia perfektuaren irudia ginen, baina sufrimenduz beteriko hormen artean bizi nintzen. Bai, erabaki zuzena hartu nuen, dudarik gabe. Hori ez zen maitasuna. Maitasunak ez du hainbeste minik egiten. Benetako maitasuna ez zen etxe horretan geratzea, alde egitea baizik.
Bederatzigarren edizioa 2026an abian jartzea dute helburu antolatzaileek, proiektuari segida emateko, eta idazmenean interesa dutenen talentua aurkitu eta sustatzeko asmoz.
Argibide gehiago hemen:
Basauriko Udala – ZirtZart Gazte Bulegoa