Zabalik dago epea uztailaren 14tik irailaren 2ra bitartean ZirtZart Basaurik antolatzen duen aisialdirako begirale ikastaroan izena emateko
Basauriko Udalak, ZirtZart-en bitartez, aisialdirako begirale ikastaroa egiteko aukera eskainiko die Basauriko gazteei. Interesdunek, herrian erroldatua egoteaz gain, gutxienez, 18 urte izan beharko dituzte, eta 2009ko ekainaren 30a baino lehen jaiotakoak ere onartuko dira.
Atal teorikoa 2026ko irailaren 19tik 2027ko martxoaren 13ra bitartean burutuko da ZirtZart Basauriren lokalean ondorengo ordutegian: larunbatetan 10:00-18:30. Epe horren barne badago ere hiru asteburuko egonaldia La Arboledako aterpe baten (irailak 19-20, azaroak 14-15, eta otsailak 13-14. Larunbateko 10:00etatik igandeko 15:00etara). Ondoren, parte hartzaileek, era boluntarioan, aisialdi talde batean edota udaleku batean 160 ordutako praktikak egin beharko dituzte. Behin ikasturtea amaituta, ikasleek “Aisialdirako Begirale” titulua lortuko dute, Eusko Jaurlaritzak homologatzen duena.
Ikastaroa euskaraz izango da, eta gutxieneko hizkuntza gaitasuna eskatuko da ikastaroa egiteko, hau da, sesio teorikoak jarraitu eta memoria euskaraz entregatzeko gaitasuna.
Izena emateko epea uztailaren 14tik irailaren 2ra arte egongo da zabalik. ZirtZart Basauri webgunearen bitartez aukera dago izena emateko, eta horrez gain, modu presentzialean ere Autonomia 3 kalean den bulegoan abuztuan izan ezik (harrera ordutegia: 10:00-17:00 astelehenetik ostiralera).
Plaza kopuru mugatua dago, eta ikastaroan parte hartzen dutenek 170 euroko matrikula ordaindu beharko dute (% 40ko deskontua izango dute ZirtZarteko bazkideek, eta % 20koa Gazte Txartela dutenek). Plaza guztiak bete ezean, Basaurin ez erroldatuek parte hartu ahal izango dute, horientzako kuota 300 eurokoa izanik.