Abenduaren 14an, Basauriko Ibaigane Kultur Etxean, «Asian Dance Contest» dantza lehiaketaren beste edizio bat egingo da
12-35 urte bitarteko gazteei zuzendutako dantza lehiaketa abenduaren 14an, larunbata, arratsaldeko 18:30etik aurrera egingo da Basauriko Ibaigane Kultur Etxean, Basauriko Udalaren ZirtZart gazte Zerbitzuak antolatua.
Parte-hartzaileek nahitaez Asiako egileen jatorrizko koreografiak (japoniarrak, txinatarrak, korearrak,…) erabili beharko dituzte abestietan eta dantzetan. Lehiaketan kategoria bi bereizi dira: lehena, bakarlari moduan oholtza gainean dantzatzea, “backdancer”en laguntzarik gabe, eta bigarrena, taldekako koreografia lanak osatzea.
Dantza lehiaketan parte hartzeko aldez aurretik izena eman eta amaierako koreografiaren bideoa bidali beharko dute. Horretarako, ZirtZart gazte zerbitzuaren webgunean eskura izango dituzte bai oinarriak, bai bete eta aurkeztu beharreko dokumentuak. Dokumentu horiek zuzenean emateko aukera ere badago Basauriko Autonomia kaleko Gazte Informazio Bulegoan. Inskripzio epea urriaren 1etik (08:00) urriaren 27ra (23:59) bitartean egongo da zabalik. Epaimahaiak azaroaren 10era arte denbora izango du ebazteko eta egun horretatik aurrera finalistekin harremanetan jarriko da. Lehiaketaren sariak:
o Taldekako lehen sailkatua → 300 €
o Taldekako bigarren sailkatua → 200 €
o Bakarkako lehen sailkatua → 100 €
o Bakarkako bigarren sailkatua → 75 €
Saritu horietaz gain, publikoak aukera izango du beste talde bat eta beste bakarlari bat saritzeko. Horiek, hurrenez-hurren, 100 eta 25 euroko saria jasoko dute.
Publikoari dagokionez, sarrera doakoa da areto nagusia bete arte. Ateak 18:15ean irekiko dira.