<<Sari bereziak banatuko dira «Bingo Showa» ikuskizunean, abenduaren 20an, ZirtZart Basaurin>>
Basauriko Udalaren ZirtZart Gazte Zerbitzuak «Bingo Showa» magia-ikuskizuna antolatu du, Social Antzokia, Basauri Kirolak eta Kultur Basauri laguntzaile dituela. Ekitaldia ZirtZart-en lokalean izango da (Autonomia kalea 3), abenduaren 20an (ostirala).
Bingoan, sari bereziak zozkatuko dira: kontsumo-bonuak (tokiko merkataritzan kontsumoa sustatzeko), Basauri Kirolakerako urteko abonuak, Social Antzokiak programaturiko eskaintzetarako sarrerak… eta sorpresa-opariak, besteak beste. Horrez gain, magia-espektakulu parte-hartzaile, dinamiko eta ganberroaz gozatzeko aukera izango dute etorritakoek, Blueren eskutik.
Sarrera doakoa izango da, baina toki-kopurua mugatua da. Gonbidapenak eskuragarri izango dira abenduaren 16tik 19ra bitartean, Gazte Informazio Bulegoan (10:00-19:00). Sarrera lortzeko, derrigorrez aurkeztu beharko da «ZirtZart Bazkidea» txartela, edo zerbitzu horretan altan emanda egon. Gonbidapen guztiak banatu ezean, interesdunek, bazkide izan edo ez, aukera izango dute egunean bertan areto nagusira sartzeko; horretarako sarrerak ZirtZart-en eskuratu ahalko dira, arratsaldeko 17:30etik aurrera.
Ikuskizuna arratsaldeko zazpietan hasiko da, eta, aretora sartzeko, etorritakoek sarrera aurkeztu beharko dute, nahitaez. Ateak ordu laurden lehenago irekiko dira, hots, 18:45ean.