Gaztegune berriak herri osora zabalduko du jarduna, auzoetan gazteentzako jarduerak antolatuta

• Aisialdiko begirale izateko ikastaro berri bat eta erabiltzaileentzako aholkularitza psikologikoko zerbitzua ere eskainiko ditu

Basauriko Udalaren Gazteria Zerbitzu berria (Zirt Zart), Autonomia kaleko 3. zenbakian dagoena, bihar –irailak 7, larunbata– irekiko da larunbata, ekitaldiz betetako inaugurazio-ekitaldi bategaz. Ibilbide berri honetan, Gazte Informazio Bulegoaren ordutegia luzatu da eta Gaztegunea herri osora zabalduko da; izan ere, asteburu bakoitzean auzo batean antolatuko baitira gazteentzako jarduerak. Gainera, aisialdiko begirale izateko ikastaro berri bat eta erabiltzaileentzako aholkularitza psikologikoko zerbitzua ere eskainiko ditu.

300 m2 inguruko lokala izanik, udal-zerbitzu berriak bi solairu eta kanpoko patio bat izango ditu, gazteei zuzeneko arreta eta informazioa eskainiko zaie, eta askotariko jarduerak antolatuko ditu, halan zelan programa eta jarduera ludikoak eta kultura-arlokoak, ikastaroak, ikuskizunak, tailerrak eta abar. Lehenengo solairuan, Gazte Informazio Bulegoa eta Gaztegunea bera kokatuko dira, baita erabilera anitzeko areto berri bat ere, “Coworking Gunea”, gazte basauriarrek talde-lanak, bilerak, bestelako gizarte-ekimenak edo coworkingeko jarduerak egiteko erabili ahal izango dute, betiere aurrez erreserba eginda.

Gaztegunea hainbat gunetan antolatuta dago: ordenagailuak, bideojokoak eta telebistak egongo dira gune batean, beste txoko batean sofak, eta mahaiak eta aulkiak ere bai, hainbat jarduera egiteko. Bigarren solairuan, areto batean mahaiak eta aulkiak egongo dira, baita arbel interaktibo handi bat ere, ikastaroak, prestakuntza-saioak... egin ahal izateko. Eta, kanpoaldean, patio bat dagoenez, Gazteguneak askotariko jarduerak antolatzeko aukera gehiago izango ditu, kasu honetan aire zabalean.

Kokapena aldatzeagaz batera, udaleko arduradunek Gazteria Zerbitzuren ekintza-eremua zabaltzea erabaki dute; izan ere, herriko edozein gazterengandik hurbilago kokatuta baitago orain. Jon Zugazagoitia Gazteria Zinegotziak azaldu duenez, zerbitzuak herri osora zabalduko du jarduna, eta asteburu bakoitzean auzo batean antolatuko dira gazteentzako jarduerak, “Gaztegune Ibiltaria” programa berriaren bitartez. “Astero izango da gazteentzako jarduera edo ekitaldiren bat herriko auzoren batean eta ingurune hurbilenean, asteburu bakoitzean egingo baitira jarduerak honako puntu hauetako batean: Kareaga Gizarte Etxean, Basozelai Gizarte Etxean, San Migeleko Taberna Nagusian, Arizko Dorretxean edo Autonomia kaleko Gaztegunean”, zehaztu du Jon Zugazagoitiak, eta gaur egun Gazteguneak 1.000 bazkide baino gehiago dituela gogorarazi du.

Etapa berri honetan, berrikuntza gehiago ere badakartza udal gazteria zerbitzuak. Ohiko ikastaro, tailer eta jarduerak hobetzeaz gain, aholkularitza psikologikoko zerbitzua eskainiko die erabiltzaileei Zirt Zart zerbitzuak. “Aholkularitzako zerbitzua da, ez laguntza psikologikoa ematekoa. Psikologo bat egongo da neska-mutilei entzuteko prest, laguntza psikologikoa edo bestelakoa behar izan dezaketen egoerak identifikatzeko, orientabidea emateko dauden baliabide publikoei buruz, nora jo dezaketen azaltzeko… Ingurune atsegin batean eta gazte-giroan egongo direnez, naturaltasun handiagoz, lasaitasunez hitz egitera ausartuko direla iruditzen zaigu”, adierazi du Jon Zugazagoitia Basauriko Udaleko Gazteria zinegotziak. Gainera, aisialdiko begirale izateko ikastaro berri bat eskainiko da, eta ikastaroa amaitzen dutenekin lan-poltsa bat osatuko da, zerbitzua eskaintzen duen enpresa esleipendunean lan egiteko aukera izan dezaten etorkizunean.

Era berean, leku-aldaketagaz batera, ordutegia luzatu egingo da. Orain arte, Gaztegunearen eskaintza batez ere arratsaldez izaten zen, baina lokal berria martxan jartzen denetik, oporraldietan (Gabonetan, Aste Santuan eta udan), erabiltzaileek instalazioak goizez (10:30-13:30) erabiltzeko aukera ere izango dute, astelehenetik barikura bitarte. Gazte Informazio Bulegoari dagokionez, orain arte 1.350 zerbitzu-ordu inguru eskaintzen ziren urtean eta, astelehenetik aurrera, urtean 1.750 ordutik gora eskainiko dira, herriko gazteentzat erreferentzia-puntu izaten jarraitzeko eta lanerako espazio berri bat kudeatu ahal izateko “Coworking Gunea” zerbitzuaren bitartez.

Basauriko Udalak 430.000 euro inguru inbertitu ditu espazio berri horretan. Gainera, zerbitzua emateari dagokionez, egindako inbertsioa % 35 handitu da; izan ere, 2021ean 175.921 euroan esleitu zen, eta 2024an 237.314 euroan. “Oro har, Udalak Gazterian egindako inbertsioa % 40 inguru areagotu da, bai arlo ekonomikoan, bai arreta emateko eta zabalik izateko ordu kopuruan”, jakinarazi du Asier Iragorri Basauriko alkateak.

Inaugurazio-festa

Bihar, zapatua, irailaren 7an, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Gaztegune berriaren inaugurazio-festa izango da: Arcade gune bat, errealitate birtualeko beste bat, bolen igerileku bat sariak bilatzeko, DJ bat eta abar izango dira. Halaber, hainbat dinamizatzaile Arizgoiti plazara joango dira erruleta-joko bat hartuta, eta erruletan irabazitako sariak jasotzera Gaztegunera joan beharko da; hartara, balizko erabiltzaile berriak erakarriko dira zentrora. 20:15etik 21:15era, Azaroak 25 plazan (San Pedro elizaren ondoan), Grizzly eta 44Svage artista bizkaitarren kontzertuak izango dira.