<<Izaro Barruetak irabazi du Hitz-Erdiko Kontaketak euskarazko ipuin laburren lehiaketa>>
![10. Sarituak 2026]()
Bederatzigarren edizio honetako irabazleak:
-Izaro Barrueta Larruskain (Muxika, 1.saria), Sara Aranburu Lasa (Ordizia, 2.saria) eta Alazne Lopez Aranberria (Ermua, 3.saria)
-Irune Etxebarria Lumbreras (Laudio, Elkar Saria) eta Jone Galindez Verano (Basauri, Basauri Saria)
«Askotan pentsatu nuen une hartan». Lehiaketako antolatzaileek esaldi hasiera hori proposatu zuten parte-hartzaileek jarraipena emateko eta gehienez ehun hitzeko kontaketa bat idazteko, euskaraz. Bederatzigarren edizioa 2026ko urtarriletik martxora egin dute, eta 192 proposamen jaso dituzte. Lehiaketa Basauriko Udalaren ZirtZart Gazte Zerbitzuak antolatzen du, Geuria Hego Uribeko herri komunikabidearen eta Elkar Euskal Kulturgintzaren laguntzarekin.
Bost kontakizun hautatu dituzte. 1. sailkatuak, 200 euroko saria jaso du; 2. sailkatuak, 150 eurokoa; 3. sailkatuak, 100 eurokoa; «Elkar saria» jaso duenak —adingabeei zuzendua—, 150 eurokoa, eta «Basauri saria» jaso duenak —herrian erroldatutakoei zuzendua—, 150 eurokoa. Horrez gain, Hego Uribe eskualdeko Geuria aldizkarian lehen bi sailkatuen ipuinak eta Elkar eta Basauri sarituen ipuinak argitaratuko dituzte.
Azkenik, liburuxka berezia sortu dute jasotako kontaketa batzuekin, non, besteak beste, bost irabazleak dauden. Ale-kopuru mugatua dago eskuragarri, Basauriko Gazte Informazio Bulegoan eta Elkar dendan, doan.
Hona hemen proposamen irabazleak:
- Saria · Izaro Barrueta Larruskain (Muxika)
Askotan pentsatu nuen une hartan nola erditu eta erdibitu nintzen. Ez al zetozen bada jaiotza eta bizia elkarrekin? Antza, bizia eta heriotza ordena horretan datoz derrigorrean hala eztenean ulertezin egiten zaigu, ez gaude halako paradoxetara ohituta. Gurasoak galtzean, umezurtz bihurtzen gara, bikotea galtzean, alargun, izatear dagoen umea galtzean, ostera, ikusezin. Zaila da izenik gabe ezer irudikatzea, existitzen dela jakitea. Ustekabean heriotzak jaiotza aurreratu zuenean, errudun sentitzen nintzen nire izate osoarekin babesten saiatu nintzena galtzearen erantzule, eta gainera, entzule natura jakintsua da, hobe orain gero baino, oraindik gazteak zarete... Bitartean, hemen segitzen dugu, sabel biribilen penaz, mainarik gabeko isiltasun gorgarrian esku-hutsik.
- Saria · Sara Aranburu Lasa (Ordizia)
Askotan pentsatu nuen une hartan dena gelditu zela. Erlojuko orratzak amen batean higitu zuen sakela. Hutsaldiak ez zion sigi-saga segi gura horrela. Medikuen mintzoa zimela, malkoetan zintzilik umela elea hitz erdiz, negarra izerdiz, ahaztuz grinaren koktela. Etxea begietsi nuen bestela. Hutsunearen tunela. Zure zapatilak ate ondoan zeuden honela, presaka erantzi izan bazenitu bezala. Ohitura fidela, etxea betetzen zenuen berehala. Berdin dago logela, ate hurrean duzu partzela. Tentazioa dut txukun jartzeko dagoena motela, amaitzeko negarra bete upela. Ez naiz erdu gure etxera. Dolua dut totela barruan galera, eskela. Pentsatu izan dut une hartan dena gelditu zela.
- Saria Alazne Lopez Aranberria (Ermua)
Askotan pentsatu nuen une hartan gogoan nituela zure eskuak, hondarrean pausatzen ziren arrasto epelak bezala. Gogoan nuela zure urratsen doinu geldoa, ilunabarrean itsasoak hartzen duen kolorea bezain bare. Eta gogoan nituela ekaitzak ere, gure artean igaro ziren haizeak, bihotzak dardarazten zituzten olatuak. Batzuetan pentsatzen dut denborak zubi sekretuak eraikitzen dituela iraganaren eta orainaren artean. Agian horregatik itzultzen zara nire ametsetara, urruneko irla baten itzal moduan. Han, non zeruaren islak uraren azalean dardara egiten duen, itsasoak bihotza balu bezala. Eta nik gauaren ertzean pausatzen ditut nire hitz gaziak, kresalaren arnasetan. Agian olatuek eramango dituzte zure kostara, gure isiltasun zaharraren arrastoa berpiztera.
ELKAR Saria · Irune Etxebarria Lumbreras (Laudio)
Askotan pentsatu nuen une hartan, zeru oskarbi horren atzean maitasun istorio bat ezkutatzen zela ohartzean. Behin batean, ilargi bakartiak fenomeno harrigarri batekin topo egin zuen, eklipsea hain zuzen ere. Ilargia eguzkiaren argiarekin liluratu zen, eta elkar maitemindu ziren eklipseak iraun zuen denboran. Agur esateko ordua heldu zitzaienean, euri zaparrada izan zen isuritako malkoen arrastoa. Ezinezko maitasuna zen hura, eguzkia atera orduko ilargia ezkutatzen baitzen. Bakardadean bizitzera kondenatuak zeuden, eta elkarrekin egoteko desira obsesio bilakatu zen. Zoramen horrekin amaitzeko, eguzkiak bere buruaz beste egin zuen. Ilargiak hildakoen bidea seinalatzen du, hauei argia emanez. Bide horretatik, eguzkiaren arimak ilargiarekin elkartzea lortu zuen.
BASAURI Saria · Jone Galindez Verano (Basauri)
Askotan pentsatu nuen une hartan. Mandarin arbola gainezka zegoen, adarrak pisuarengandik beheraraziz, zorua kilikatzeraino. Mandarinak neguan hazten dira, baina ez negu guztietan. Hitz egiten ez genueneko negu hartan, inoiz baino laranjago zegoen gure arbola. Gure arteko lubakiak eztanda egiteko, arbolak granadak prest balitu bezala. Niri aldiz, mandarinak hartu eta zure aurpegira jaurtiz birrintzeko irudia zetorkidan burura, zure ekintzen patetikotasuna eta nire nazka irudikatuko lukeen koadro abangoardista. Baina ezingo nituzke denak hartu. Zu zinen zuhaitzean gora egiten zenuena, mandarina garratzenak niretzat hartzeko, ni ez bainintzen ausartzen. Leihotik lorategira begiratzeari utzi nion une hartan. Supermerkatura joan eta mandarina dozena bat erosi nuen. Ez zeuden batere onak, aita.
Hamargarren edizioa 2027an abian jartzea du helburu Basauriko Udalaren ZirtZart Gazte Zerbitzuak, proiektuari segida emateko, eta idazmenean interesa dutenen talentua aurkitu eta sustatzeko.
Argibide gehiago, hemen:
Basauriko Udala – ZirtZart Gazte Bulegoa
- : 944 666 430 / 634 984 615
- Helbide elektronikoa: This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.